Pilota. Lau t'erdiko finala

Denbora zeramaten elkarren zain

Martinez de Irujo lau t'erdiko laugarren txapela irabazten saiatuko da gaur; Urrutikoetxeak, berriz, lehena nahi du.Bilboko pilotalekua bete egingo da

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lehenago edo geroago gertatu behar zuen. Saihetsezina zen. Kirolaren logikak nahiko argi zioen noizbait iritsiko zela Mikel Urrutikoetxeak eta Juan Martinez de Irujok final batean topo egingo zuten eguna. Batek azken urtean egin duen gorako bideari eta besteak sasoi eta mailari nola eusten dion erreparatuta, jakina zen txapelen lehian elkar gurutzatuko zutela. Bada, gaur izango da belaunaldien arteko talka hori, Bilbon, Bizkaia frontoian (17:00, ETB1).

Bizkaia pilotalekua ireki zenetik bertan jokatutako hamabigarren finala izango da gaurkoa, eta harmailak bete egingo dira. Ikusmin handia sortu da, batez ere Bizkai aldeko zaleen artean. Final-laurdenetako ligaxkako estreinako partida bera jokatu zutenean 600 ikusle bildu ziren. Finala, baina, beste kontu bat da. Gaurkoa, gainera, azken hamar urteetako oilarren eta izar gazteen arteko bigarren borrokaldiada. Gazteen ordezkaria da Urrutikoetxea, eta lehen erasoa hark irabazi zuen, iragan ekainean, Aimar Olaizolari buruz buruko finala irabazita. Gaur, ordea, pilotari koadroetako beste pisu astuna izango du aurkari: Irujo.

Finalean txapelketako bi pilotari onenek egingo dute topo. Irujok bazekien Urrutikoetxea partida handien atarian zegoela, baina azken pauso hori ematea falta zitzaion. Gazteak indartsu zetozela zioen Iberokoak, baina oraindik final batean bat parean aurkitu gabea zen. Belaunaldi berria inork uste baino beranduago iritsi da gora, baina azkenean iritsi da. Iberokoa da faborito apustuetan, baina hobe du ez lokartzea. Bere ereduarekin oroitu baino ez dauka. Izan ere, Irujok 25 urterekin lortu zuen lau t'erdiko lehen txapela, egun Urrutikoetxeak duen antzeko adina (26 ditu), eta, hura bezala, ordurako buruz buruko txapeldun izana zen.

Urrutikoetxeak ere urteak zeramatzan Irujoren zain. Urteak itzalpean lanean, bere kolpe biziari baliabide teknikoak eransten noizbait txapelen lehian sartzeko. Orduak eta orduak Iurretako pilotalekuan (Bizkaia) gantxoak sartzen. Garapen hori ezkerreko besoan antzeman zaio. Lehen, bolea askatzean, eskua gorputzera itsatsia izaten zuen; orain, aldiz, libre darabil. Hogei zentimetro goragotik jotzen du gantxoa, eta hogei zentimetro horiek dira garapenaren fruitua.

Oraingoan, ate handitik

Urrutikoetxea finalean bada ez da bakarrik gantxoarekin egin duen garapenagatik. Zaratamokoak (Bizkaia) aurrerapauso luzea eman du azken urtean. Askoz lehiakorrago bilakatu da, partidetara heltzen ikasi du, eta dagoeneko ez ditu lehia hasiera onak bakarrik jokatzen. Partida osoak jokatzen ditu, eta merezita dago finalean. Buruz burukoan Oinatz Bengoetxeak min hartu zuelako aritu zen finalean. Oraingoan, aldiz, ate handitik sartu da. Emaitza bera izan dadila nahiko du hark, sarrera atea ezberdina izan arren.

Zaratamokoak ez zuen txapelketa hasiera erraza izan. Iaz, final-zortzirenetan kanporatu zuen Julen Retegik (22-19). Aurten, berriz, hark bete zuen Ekaitz Saralegiri zegokion zerrendaburu postua. Iazko sailkapena errespetatu izan balute, Mikel Olaetxeari zegokion, baina enpresak Urrutikoetxea lagundu zuen. Laguntza da hitza, eta erantzukizuna era berean. Buruz buruko txapeldunak, baina, erakutsi du enpresak ez zuela kale egin eta pribilegioa merezi zuela. Finalerako bidean Irujori irabazi zion lehenbizi (22-18); Retegi Biri gero (22-9), eta ligaxkako azken partidan Xalaren aurka galdu zuen (22-14). Ordurako, baina, lehen postua ziurtatua zuen. Finalerdietan Bengoetxea VI.ari irabazi zion (22-18).

Irujo ere final-laurdenetan hasi zen, iaz txapeldun izan zelako. Lau t'erdian jokatzea ez zaiola gustatzen dio urtero, baina neurria ondo hartu dio, azken hamar urteetan zortzi aldiz jokatu baitu finala. Ligaxkari Urrutikoetxearen aurka galtzen ekin zion, baina gero Retegi Biri eta Xalari gailendu zitzaien (22-15); hori bai, sendotasun irudi handirik eman gabe. Finalerdietan 22-6 irabazi zion Olaizola II.ari. Goizuetakoa ez zegoen sasoiko, baina Irujok ondo egin zituen bere lanak.

Nafarroa Arena, gertuago?

Gaurko finala Bilbon jokatuko da, baina nork jakin 2016an ez den finalen bat Iruñean jokatuko. Izan ere, Nafarroako Gobernua Nafarroa Arena pabiloia zatika irekitzeko aukera aztertzen ari da. Horrek pilotalekua edo pista nagusia bakarrik irekitzea ahalbidetuko luke. Gaia aztertzen ari da oraindik, baina pilotalekua irekitzea erabakiko balu, beste aukera ona litzateke partida handiak hartzeko. Pilotalekuak 3.000 eserleku ditu, eta 2013tik dago amaituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.