Lointek Gernika Bizkaia 80-83 RPK Araski

Saria soseguari eta ekinari

Araskik luzapenean irabazi dio Gernikari, eta Espainiako Kopako finalerdietan ariko da bihar. Perfumerias izanen du aurkari

Pardo eta Perez ospatzen, atzo, Salamancan. #BARRA_ABILDUA#NPHOTO-ALBERTONEVADO / FEB.
mikel rodriguez
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaia. Ocete (8), Dietrick (9), Wojta (20), Roundtree (4), Milic (23)—hasierako bostekoa—, Lo (4), Arrojo (9), Alberdi, Molina-Prados, Mazionyte eta Ariztimuño (1).
RPK Araski. Garcia, Asurmendi (13), Carrera (8), Barbee (14), Seda (8) —hasierako bostekoa—, Molinuevo, Quevedo (14), Van den Adel (3), Bedia, Pardo (5) eta Perez (18).
Markagailua. 10-17, 30-41 (atsedenaldian); 50-58 eta 75-75 (arauzko denboran); 80-83 (luzapenean).
Epaileak. Lema Parga, Langa de Martin eta Garcia Crespo. Araskiko Seda eta Carrera kanporatu zituzten.
Bestelakoak. 1.500 ikusle inguru Salamancako (Espainia) Sanchez Paraiso pabiloian.

Derbi bati eskatu ohi zaizkion osagaiak izan zituen atzo Lointek Gernika Bizkaiak eta RPK Araskik Espainiako Kopan jokatu zuten final-laurdenetako kanporaketak: lehia bizia, markagailu estua, eta emozioa azkeneraino. Gernika zen faborito, baina, anitzetan bezala, outsider-ak pronostikoak irauli zituen. Araskik nagusitasun harrigarria ezarri zuen hasieran, hirugarren laurdenean hamazazpi puntuz aitzinatzeraino (30-47). Baina ez zen hori izan haren garaipenaren gakoa, Gernika hobekien jokatzen ari zenean soseguz aritzea baizik, talde handiago baten aurka abantaila galduta ere, urduri ez paratu eta ekinean jarraitzea. Eta horrela lortu dute saria: hiru urteren ondoren, finalerdiak jokatuko dituzte berriz ere. Bihar izanen da hori, etxean ari den Perfumerias Avenida boteretsuaren aurka.

Lehenbiziko zatian Araski jokoaren arlo guztietan gailendu zitzaion Gernikari. Defentsan hagitz eraginkor aritu ziren arabarrak, eta, horren ondorioz, bizkaitarren erasoko jokalaririk onenak itzali zituzten. Blake Dietrick eskoltak bederatzi punturekin bukatu zuen partida, eta Nikolina Milic pibota desagertuta egon zen denbora gehienean.

Araskiren aldetik, ordea, barneko jokoan erabat nagusitu ziren Raquel Carrera, Shacobia Barbee eta Tamara Seda, eta Laura Quevedo eta Tania Perez fin aritu ziren jaurtiketetan. Gertakari kritiko bat eduki zuten gasteiztarrek, bigarren laurdenean Izaskun Garcia joko antolatzaileak min hartu baitzuen. Maria Asurmendik hartu behar izan zuen lidergo guztia bere gain, eta ongi baino hobeki bete zuen eginkizuna. Puntuak (hamahiru), asistentzia ikusgarriak eta kemena eman zizkion Araskiri, garairik zailenetan erabakigarri izan zirenak.

Gernika aitzinetik

Eta une zail horiek azken laurdenean eragin zizkion Gernikak. Julie Wojta hegalekoak erasoko jokoaren ardura hartu zuen hirugarren laurdenean, eta Milic berpiztu egin zen laugarrenean. Bi jokalari horiek izan ziren partidako saskiratzailerik onenak, hogei eta 23 punturekin, hurrenez hurren. 62-59 aitzinatu zen Gernika, 10-0eko partzial batekin. Gainera, Araskik Carrera eta Seda galdu zituen bortzgarren faltak adierazi zizkietelako; horrek umezurtz utzi zituen barnerako jokorako. Hala ere, bizkaitarrek ez zuten asmatu une erabakigarrietan aldea handitzen, eta arabarrek bai, ordea, markagailuari lotuta mantentzen. Irabazlea argi ez zegoela sartu zen partida azken minutuan. Sei segundoren faltan, Belen Arrojok 75-73koa egin zuen, baina azken segundoan berdinketa erdietsi zuen Barbeek.

Luzapenean, bi minutu baino gutxiagoren faltan lau punturen aldea ireki zuen Araskik (76-80), eta hurrengo segundoetan bi taldeen urduritasuna areagotu egin zen, huts egindako erasoaldiekin. Milicek berriz ere bi puntura hurbildu zuen Gernika, baina Laura Pardoren hiruko batek eman zion kolpea partidari, minutu bat baino gutxiagoren faltan 78-83koa paratuta. Milici emanda zegoen Gernika, baina pibot serbiarrak aldea murriztea baino ez zuen lortu (80-83). Finalerdiak ihes eginda zituzten ordurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.