PLAZATIK

Nola agurtu

Andoni Egaña -

2015eko azaroak 1
Duela gutxi entzun nion telebista programa batean musikari ezagun bati, ari zela ari zela eta ez propio galdera batek eraginda, bere hileta elizkizunerako halako pieza eta halakok joa nahiko zukeela. Ez zuen gehiago xehatu hiletari buruz, hizketagaia musika baitzen eta ez heriotza.

Niretik zer pentsatua eman zidan, ordea. Beti iruditu izan zait denik bertsorik zailena dela eskelakoa. Eskakizun dexente izaten ditugu eta abailune hori jasaten ari denari nekez esango diozu ezetz. Baina baiezkoarekin hasten dira arazoak. Izan ere, ez baita distantzia oneko hilik. Hurbilekoa bada hurbilekoegia da; urrunekoa bada urrunekoegi bihurtzen zaizu. Hurbilekoa bada, den-dena adierazi nahiak eta bikaintasunaren bila derrigor ibiltze horrek kamusten zaitu. Urrutikoa delarik, hasten zara bila eta inpostore sentitzen, beste batek hain eder ez izan arren zinez eta egiaz esango zituzkeen gauzak esaten.

Hiletako bertsoak ere ez dira samurrak. Ez elizkizunetakoak eta ez bestelako zeremonietakoak. Ez dugu asmatzen, nik behintzat ez, non kokatu geure burua eta hildakoarena. Aitor Sarriegirekin aritu berri naiz ñimiñoa dirudien gai honi buruz. Lehengo fede modu hura galdu genuenok bestelako euskarriak eskas ditugula esango nuke. Zu-ka edo hi-ka kantatzen diogu hil berriari, eta orainaldian, badakigulako emozioak partekatzeko biderik laburrena dela. Baina zintzoak izatera ez al litzateke hirugarren pertsona egokiagoa, eta iraganaldian, jakina, hurrengo bizitzarik ez dela eta bizi zen hura jada gorpu baino ez dela sinesten dugunontzat? Gainera, oso gaizki askatua daukagu hila-non-datzan ekuazio hori. Ez dugu zerurik aipatzen, zerua oso kontzeptu erlijiosoa da eta. Baina «zauden tokitik» eta «zauden tokian zaudela» eta horrelako irtenbideak erabat ustiatu ditugu eta jada maiztuak dauzkagu. Eta kontraesanen gailurrera iristen gara, «zerua» ez aipatzeko tokiaren edonongotasuna aipatzean, badaezpada, begiak gorantz jartzen ditugunean esanindarra lortze aldera. Zauden tokian zaude, baina goian, hor nonbait.

Gogoeta horiek buruan, joan den ostiraleko BERRIAn Angel Erroren Jira-n topo egin nuen Jaunartze zutabearekin. Hala zioen hileta elizkizunen inguruan: «Maiz hitz egin izan dugu lagunen artean, gehienok fedea, fede erlijiosoa behintzat bai, galdu dugun honetan erritu kristauei alternatiba bilatu beharko geniekeela, tradizioaren izenean itxurakeria beti itsusgarrian eroriko ez bagara». Bat nator. Beste kontu bat aipatzen du, argigarria hau ere oso: «Malagako herri batean, jaunartze zibila asmatu dute, nerabezarorako igarobide moduan. Hona helduko balitz, izenak berak salatuko luke desegokitasuna. Argi dago nerabezarora nolabait igaro behar dugula, erritu batekin, ongi da, nahiago badugu. Baina hobe, izenetik hasita, kopia eta itsatsi bat ez balitz». Halaxe da. «Jaunartze zibila» baino oximoronagorik!

Hileta zibilak, pentsatzekoa da, ugalduz joango dira. Norbere borondatea izango da giltzarri, edo familiarena heriotza bat-batekoagoa denean. Baina erakundeek ere hasi beharko lukete —batzuk hasiak daude jada— urratsak egiten. Guztientzat bera, duina eta egokia den leku bat prestatu eta eskueran jartzen, esaterako, udalerri bakoitzean.

Jaunartzearen pareko zeremoniari dagokionez, berriz, entzun izan dudan ideiarik onena Joxerra Garziari entzun nion. Seme-alaben gelakideren batzuek jaunartzea egiten duten sasoia balia daiteke erritua geure neurri, pentsamolde eta usadioetara ekartzeko. Ume txikiari zuka egiten zaio; koxkortzean hasten gatzaizkio hika. Egin daiteke familia edo lagun bilera bat eder askoa, umea jada koxkortu dela eta aurrerantzean hika egingo zaiola adierazi eta ospatzeko. Haurrak zerbait sentituko du barruan eta ahosabaian itsatsita ez zaio hizkuntza baino geratuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna