Ander Perez Argote
DENA ETA EZTENA

Maskarak, mitoak eta poemak

2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Iazko ekainean, Bilbon, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak jarraian irakurri zituztenean, Bernardo Atxaga deitu zuten hitzaldi bat eman eta Sarrionandiaren poesiaz mintza zedin. Solasaldi hartan esan zuen Atxagak Sarrionandia aurkitu nahi duenak haren poesian bilatu besterik ez duela, han agertzen baitira idazlearen ibili eta nondik norakoak. Erantzun poetiko hari erantzun ofiziala gehitu zaio orain: bere poesian bezainbeste aurki daiteke Kuban poeta erbesteratua.

Sarrionandiak Habanan Euskara eta Euskal Kultura irakurletza zuzenduko duela jakiteak, haren figuraren inguruko edozein berrik izan dezakeen morbositaterako tentaldiaz harago, ireki dezake esperantza izpi bat haren egoera normaltzeko bidean. Zeren eta, 1985etik lehen aldiz, publikoki jardungo du. Urrun, baina publikoki. Batzuek serioago eta Zaldieroak irrigarriago esan bezala, Sarrionandiaren pare bat irudi baino ez dugu ikusi izan azken hiru hamarkadetan. Aldatuko da hori ere.

Idazlea baino lehenago besarkatu genuen askok Sarrionandia mitoa, Kortaturen doinuek eta epikak gidatuta. Eta ukaezina da literaturatik haragoko faktoreek osatu dutela Sarriren figura. Batzuek ihesaldia, erbestea eta militantzia haren literatura baztertzeko erabili duten bezala baliatu du beste askok hori bera haren figura literarioa goratzeko. Normalean, ez batzuek eta ez besteek ez dute haren lanik irakurri. Akaso bada hau lehen urrats bat mitoa eraisten hasi eta idazleari idazleago begiratzen ikasteko. Erori daitezen maskarak, desegin daitezen mitoak, eta gera daitezen poemak. SarriSarri ez dadin bihurtu errepika hutsbat, onomatopeia bat kasik, datozen belaunaldien errepertorioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.