DENA ETA EZTENA
Lau umoreak bakarrera
Gerra globaleko tenore honetan, arma bidez egunkari bat itxi izana salatu nahi dut. Euskaldunok geneukan egunkari bakarra zen, gure musika zabaltzeko». Hogeita hemeretzi segundo. Irakeko gerraren kontrako ordura arteko hitz oro lepo txalotu zituztenek Fermin Muguruzari txistu jotzea erabaki zuten. Atzerrian, 2003ko apirilaren 10eko Madrilen izan zen. «Eskerrik asko. Egunkaria aurrera!» esaldiarekin erantzun zien musikariak, eta oholtzatik irten zen. Etxeko telebista aurrean eserita ikusi nituen irudi haiek. Ez ditut sekula ahaztuko. Hunkitu egin ninduten.
Joan dira hamalau urte, eta joan eta etorri dira txistu eta txalo ugari. Ez alferrik. Hipokratikoek bereizi zituzten lau umoreak ?odola, behazun horia, behazun beltza eta karkaxa? sarri-sarri ateratzen dira pasierara plaza publikoan, barre sanoaren eta ironiaren mugak (ere) oso gai serioa direla argi utziz. Mozala gero eta normalizatuago dago; eta mozala jarri eta jarri ari denak ez du ezer galtzen, ezta aurrerakoi titulua ere, umorea fiskalizatzeko auzitegiak lagun. Euskaldunon Egunkaria eta beste ixteko tresna izan zena txiolarien jazarle bihurtua da. Umore bakar, handi eta librearen aroan, ez da txistea. Garai batean, izan zitekeen.
Sofoklesen tragedia baten remake merkea dirudi azken egunotako gidoiak ere. Sinopsia: mozal globaleko tenore honetan, hogeita hemeretzi segundo milioiren nahikoa izan dira euskarazko telebista publiko bakarrak bere burua zentsura dezan ?Umberto Ecoren Arrosaren izena nobelako Aristotelesen liburua bezain hautemanezin bihurtu da ETBko programa bat?, manipulazio lotsagabearen eta lintxamenduaren aurrean erantzuteko gaitasuna eta elkartasuna beltzera urtu daitezen. Ez: zurikeriarik zurienera urtu daitezen; irribarrea galdu gabe.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.