'Gara'-ren aldeko jaialdi bat egingo dute bihar, 30 talderekin

Urtzi Urkizu -

2019ko ekainak 8
Gara egunkariaren «espoliazioaren» aurka eta adierazpen askatasunaren alde, Donostia Arena (Ilunbe) beteko dute bihar. Kazetaren egoera ez da samurra: urtarrilean jakinarazi zutenez, hiru milioi euro ordaindu beharko dituzte Egin-en zorra kitatzeko —Baltasar Garzon epaileak utzi zuen zorra Gara-ren gain—. Askotariko ekitaldiak eta eskaintzak ari dira antolatzen azkeneko hilabeteetan, eta horietako bat biharko elkartasun jaialdia izango da.

Eguerdian hasi eta gauerdira arte, 30 taldek joko dute, «espoliazioari» aurre egiteko. Lehenbizi, hamahiru talderen izenak jakinarazi zituzten: Berri Txarrak, Los Zopilotes Txirriaos, Soziedad Alkoholika, Hesian, Huntza, Nogen, Itziarren Semeak, La Furia, Valtonyc, Siroka, Esne Beltza, Talco eta Gatibu. Beste hamazazpi talde batu ziren geroago: Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Gari, Su ta Gar, Josetxu Piperrak & The River Rock Band, Ruper Ordorika, ETS, Xutik, Liher, Des-Kontrol, Bad Sound System, Mcnak, Somos Guerreras, Rebeca Lane, Nakury MC eta Audry Funk, KOP, Anita Parker, Ze Esatek! eta Patxuko Nice. Talde bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskainiko du; 10.000 lagun inguru espero dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna