KRITIKA. Antzerkia

Genero gorrotoa

Agus Perez.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun

'Still Life'





Konpainia: Ricci/Forte. Zuzendaritza: Stefano Ricci. Dramaturgia: Ricci/Forte. Antzezleak: Anna Gualdo, Piersten Leirom, Liliana Laera, Giuseppe Sartori, Simon Waldvogel. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 25.

Erroman suizidatu zen nerabe hura. Bufanda arrosa batekin eskegi zuen bere burua hango zubi batetik, genero gorrotoagatik jasotzen zuen ikaskideen jazarpena jasan ezinik. Haren omenez eta identitatean oinarritutako biolentzia borrokatzeko plazaratu du Still Life hau Ricci/Forte italiar konpainiak. Bizimodu lasaia izango litzateke ingelesezko izenburuaren esangura, eta horrekin kritika zuzena bidaltzen diote gizarte patriarkal katolikoari, «moral hipokritaren aldarean immolatzen diren gaztetxoen sakrifizio absurdua» salatzeko.

Hasiera batean, iji-aja etorri dira antzezleak, heldu burgesen jolas tipiko batean murgilduta, film famatuen izenburuak keinu bidez nork asmatuko, eta agertokiko pantaila handian hainbat izen-abizen eta beren adinak proiektatu dira, Italian beren buruaz beste egindako nerabeak gogoratuz. Baina laster aldatu da giroa, eta antzezleetariko batekbi emakume eta hiru gizon izan dira gaiari heldu dio asto gaineko mahai probisionalean zegoen mikrofonotik.

Izan ere, behin-behineko itxura horrek bat egin du proposamenaren borroka izaerarekin, eta konpainia zantzu guztien arabera, konpainia delako eta ez enpresa hutsa arraina uretan lez mugitu da desastre itxurako eremu eszenikoan. Esku programa berriz ere aipatuta, «bost ahotsetarako masakre honetan […] mundu basati, gupidagabe, zakar eta errautsetaraino suntsitua» irudikatzen da, «horrelakoa delako gure mundu garaikidea».

Gauzak horrela, era guztietako eszenak ikusi ditugu, eta den-denak ez dira bereziki erlazionatuak izan jatorrizko gaiarekin, baina haietan guztietan zegoen giza arimaren disekzioa, eta poesia nagusitu da gaiarekin zuzenean lotutako testuetan. Haien artean bereziki gogoangarria iruditu zait emakume-bikoteak oraindik jaio ez den umeari zuzendutako asmo zerrenda parekidea, harekin genero manifesturik behinena aldarrikatu delako.

Eta bitartean ekintza eszeniko esanguratsu asko gertatu dira, hala nola gizon biluztu baten azalean tintaz zikindutako bota-markak uztea interpreteen prestakuntza fisikoa tarteko, ikusleen artean musuak doan banatzea «arima ez dagoelako salgai» eta haragizko bost bihotz aiztoz zatikatu, arrabolaz zanpatu eta ahoz murtxikatzea. Amaiera hurbil zegoela banan-banan gonbidatu dituzte ikusleak taula gainera igotzera, paper handi batean norberaren gogoko izen bat idatz zezaten, eta ikustekoa izan da zenbat izen agertu diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.