Ainhoa Sarasola.
DENA ETA EZTENA

Isiltasun ozenegia

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hainbat hilobirako edo erbesterako bidean jartzeaz gain, milaka eta milaka uruguaitar hartu zituen preso diktadurak. Horietako batzuk urte luzez izan zituen ziega txikietan bakartuta, beste inorekin ez hitz egitera zigortuta. Baina beti dago zirrikituren bat, presoek eurek beren memorietan idatzita utzi zutenez; horman kolpeak emanez edo eskuekin keinuka asmatutako hizkuntzetan hitz egiten ikasi zuten, elkar besarkatzeraino. Eta horretaz zerbait bazekienez, zirrikitu horiek halabeharrezkoak direla azaldu zuen Eduardo Galeanok, herrikide zituen preso haiei buruz: «Ez dago giza ahotsa geldituko duenik. Ahoa ukatuz gero, eskuetatik hitz egingo du, edo begietatik, edo poroetatik, edozein lekutatik. Zeren guztiok, guzti-guztiok dugu besteei esateko zerbait, besteek ospatu edo barkatu beharreko gauzaren bat».

Ez isiltzea erabaki zuen idazleak, zentsura eta sorterria utzi beharra ekarriko zizkiola jakin arren. Eta idatzi zien ezdeusei, «hiltzen dituen balak baino gutxiago balio» duten horiei, idatzi zien emakumeei, hizkuntza gutxituei, kontzientziei, herritar xumeen min eta pozei, injustizia pairatzen dutenei, Amerikari eta bere zain urratuei... Orain dela urte batzuk elkarrizketa batean esan zuenez, diktadurak «hitzaren ohoreari» kalte handia egin baitzion, «uruguaitar guztiak isiltzera edo gezurra esatera behartuta». Duintasun hori itzultzeko aldarria hartu zuen ahotan, eta ez zion inoiz idazteari utzi.

Isildu da Galeano, halabeharrez. Esan zuenez, «ergelek baino ez dute pentsatzen isiltasuna hutsa dela. Inoiz ez dago hutsik. Eta, batzuetan, komunikatzeko modurik hoberena isiltzea da».

Eta, halere, Mikel Laboak kantatzen zuen galdera hura dator burura: «Zer dio isiltzen denak, isiltzen denean?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.