Kataluniako erreferenduma

Errepresioaren kronika

Kataluniako Legebiltzarrak erreferendum legea onartuz gero, hura galarazteko neurriak hartu ditu Madrilek: miaketak, atxiloketak, finantzaketaren esku hartzea eta inputazioak, besteak beste.

Dozenaka milaka lagunek egin zuten protesta atxiloketen aurka, irailaren 20an, Bartzelonako Rambletan. Q. GARCIA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Guardia zibilak hautetsontzien bila ibili dira, baina ez dituzte aurkitu. Milaka eta milaka botopaper konfiskatu dituzte, baina horiez josita dago Katalunia osoa. Madrilek ezarritako errepresioaren aurrean, egunez egun, maisuki erantzun dute, bai instituzioek, baita herritarrek ere, eta Madrilen erreferenduma geldiarazteko ezintasunaren aurrean, ondorio honetara iritsi da Mariano Rajoy Espainiako presidentea: «Nahi ez duguna egitera behartuko gaituzte», indarrez ekinez katalanen ekimenak zapuzteari. Kataluniako Legebiltzarrak Erreferendumaren Legea onartu zuenetik, hauek dira, besteak beste, Madrilek hartutako jazarpen neurriak.

ERREFERENDUMAREN LEGEA



Irailaren 6an onartu zuen erreferendum legea Kataluniako Legebiltzarrak, aldeko 72 botori esker (PDECat, ERC eta CUP); Catalunya Si Que Es Pot abstenitu egin zen, eta Ciutadans, PSC eta PPCk ez zuten bozketan parte hartu. Gauza bera gertatu zen trantsizio legea, errepublikaren behin-behineko oinarriak jarriko dituen araudia, onartzean. Onartu bezain pronto baliogabetu zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

ALKATEAK, INPUTATUTA



Irailaren 11ko Diada igaro ostean hasi ziren gogor jotzen. Bi egunera, 700dik gora alkate inputatu zituen Espainiako Fiskaltza Nagusiak, Jose Manuel Mazaren aginduei jarraituz, eta atxilotzeko mehatxua egin zuen, deklaratzera joaten ez baziren. Auzitegira deitu dituztenen artean, batzuek ez joatea erabaki dute, eta beste batzuek, aldiz, joan bai, baina uko egin diote deklaratzeari. AMIko presidente Neus LLoveras eta ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidente Miquel Buch ere inputatu dituzte.

FINANTZETAN ESKU HARTU



Madrilek bere gain hartu zuen Generalitatearen diru kontuen erabateko kontrola, irailaren 19an. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak sinatu zuen agindua, Kataluniako kontuetarako aurrekontuak etenda utziz. «Generalitatea batere gaitasun ekonomikorik gabe geratu da», azaldu zuen.

ATXILOKETAK



Biharamunean, irailaren 20an, Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan sartu ziren guardia zibilak. Guztira, hamabi pertsona atxilotu zituzten, polizien arabera, erreferenduma antolatzen lehen lerroan zebiltzanak. Jendetza atera zen kalera berehala, 30.000 pertsona baino gehiago atxilotuak askatzeko eskatzera. Biharamunean askatu zituzten gehienak, karguekin.

SEDIZIOA



Irailaren 22an, sedizio delitua leporatu zien Mazak Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteari eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoari, bezperan atxilotuak askatzeko protestetan oholtzara igo eta jendeari mobilizatzera deitzeagatik bide baketsuak erabiliz. Espainiako Auzitegi Nazionalak tramiterako onartu zuen.

MOSSOAK



Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskal Jose Maria Romero de Tejadak erabaki zuen mossoak Espainiako Barne Ministerioaren menpe uztea, eta bilera batera deitu zituen guardia zibilak, Espainiako poliziak eta mossoak koordinatzeko, baina Josep Lluis Trapero buruak uko egin zion, eta jendearen kontra ez zutela egingo esan zuen, segurtasun publikoa arriskuan jar zezaketelako. Gainera, dozenaka webgune itxi dituzte, eta hamabost informatikari deklaratzera deitu, erreferendumaren webgunearen kopiak egitea egotzita. Desobedientzia delitu bat egitea leporatu zieten.

POLIZIAK



Irailaren 27rako zeukaten agindua guardia zibilek eta Espainiako poliziek Kataluniara iristeko epea. Bi itsasontzitan sartu zituzten, eta Bartzelonako portuan ezarri ziren. Guztira 10.000 eta 12.000 daudela kalkulatzen dute.

INFORMAZIO ZENTROA



Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak «itxitzat» jo zuen erreferendumaren «auzia» Generalitatearen Informazioaren Telekomunikazio eta Teknologia zentroan guardia zibilak aplikazioetan eta datu basean esku hartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.