SERIEA. Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateak (II). Eneko Goia

«Espazio publikoa okupatu nahi bada, eskatu egin behar da»

PSE-EErekin egindako akordioa «bide onetik» doala dio Donostiako alkateak, eta «joko arauak errespetatzeko» eskatu dio Gipuzkoa Zutik-i: «[Erraustegiaren] Sistemak badu babes politikoa».

Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
EHUren Udako Ikastaroen irekiera ekitaldira joan aurretik erantzun die Eneko Goia (Donostia, 1971) alkateak BERRIAren galderei, udaletxeko bere bulegoan.

Urtebete da aginte makila hartu zenuela. Zer moduz joan da?

Urte intentsoa izan da, hiriarentzat inportanteak diren hainbat proiektu eta gai bideratzen saiatzeko. Adibide garbiena Txomin Enea izango da: ordu asko sartu ditugu aurrera egin zezan. Beste proiektu batzuekin ere, berdin.

PSE-EErekin egin zenuten akordioa. Sozio ona izaten ari da?

Akordioa egin genuen jakinda familia politiko ezberdinetakoak garela. Gobernu programa batean oinarritu genuen; denbora dezente eman genuen hori idazten, jakinda inportantea dela batez ere argi izatea zertarako egiten dituzun akordioak. Lehen urte honetan, gauzak bide onetik joan dira alde horretatik. Biek programa hori betetzera jo dugu.

Eta oposizioarekiko harremanak, zer moduz?

Nik uste dut denbora pasatu ahala hobera egin dutela. Hasieratik argi ikusten nuen denok garela beharrezkoak. Saiatu behar dugu elkarrizketa maila on bat mantentzen, nahiz gauza guztietan ados ez egon; hori da normala eta demokratikoa. Egia esan, hasieran pentsatzen nuen hori zailagoa zela —hauteskunde batzuen ondorengo giroan, aldaketa bat izan zelako—, baina momentu honetan pentsatzen dut badagoela gutxieneko konfiantza bat.

Gipuzkoa Zutik-i dagokionez, espazio publikoa erabiltzeko modua salatu duzu, eta bizikidetza ordenantzak ez direla errespetatzen ari. Zehaztu dezakezu?

Espazio publikoa herritar guztiena da, eta udalaren zeregina da erabilera ordenatzea. Kasu honetan, nik salatu dudana da okupazio horretan ez dela egon inolako eskabiderik, ezta komunikaziorik ere. Edozein aldarrikapen da zilegi, baina gure betebeharra da eskatzea espazio publikoa erabili nahi duenari bete ditzala gainerako guztiek betetzen dituzten eskakizun berak: arauak eta prozedurak errespetatzeko, eta mugak jartzeko egin daitekeenaren eta ezin daitekeenaren artean. Bestela, egoera oso deserosoak sortzen dira. Gipuzkoa plazan sortu dira: izan ditugu auzokideen kexak, eragozpenak sortu direlako. Gertatu zaigu Bulebarrean beste gauza baterako eskatua zegoen espazio publiko bat ezin izan dutela erabili eskatu zutenek. Joko arauak errespetatu egin behar ditugu. Espazio publikoan, bestela, elkarbizitza oso konplikatua da.

Gipuzkoa Zutik mugimenduak eta LABek, besteak beste, udaltzainen jokabidea salatu dute...

Hau oso hotza da. Udaltzainek daukaten betebeharretako bat da indarrean dauden udal ordenantzak betearaztea. Egokitzen zaionari egokitzen zaio. Beren lana egiten ari dira, besterik gabe.

Beraz, esku hartzeen xedea ordenantzak betearaztea izan da?

Bai, ez dago besterik.

Udaltzainen artean desadostasunik badago horren inguruan?

Nik dakidala ez, eta, gainera, berdin zait. Funtzionarioek beren jarduerak egin behar dituztedaukagun legearen barruan.

Jarraitzeko asmoa dutela dirudi. Elkarrizketarako borondaterik badu udalak?

Guk esan diegu. Elkarrizketarako borondatea beti dago. Baina espazio publikoa okupatu nahi bada, eskatu egin behar du norbaitek.

Batez ere, errauste plantaren aurka ari dira. Galdeketarik ez badago, haiek hautatutako protesta moduek ez badute lekurik ordenantzetan, zer alternatiba dute plantaren aurkakoek?

Eztabaida ez da oraingoa, ezta orain lau urtekoa ere. Norbaitek esan nahi badit aurreko udal eta foru hauteskundeetan gai hau ez zela egon eztabaida publikoaren erdigunean, eta aurkeztu zirenek ez zutela garbi azaldu beren proposamena, ez dakit non zegoen. Iruditzen zait proposatu den sistemak baduela babes politikoa aurrera jotzeko, eta uste dut horretan ari dela Gipuzkoako Diputazioa, batzar nagusietan orain sei urte onartutako plana betetzeko pausoak ematen. Erabakita dago aspaldi.

Helegitea jarri zenuten galdeketen inguruko araudiaren baliogabetzearen aurka.

Eta onartu da, aztertzeko.

Bide judiziala bukatuta erantzuna ezezkoa bada, zein izango da udal gobernuaren jarrera?

Etorkizun hurbilera begiratuta, zalantza asko daude argitzeko. Ez dakigu Espainiako Gobernuakhelegiterik aurkeztuko duen Udal Legearen aurka. Ez dakigu zer gertatuko den hilaren 26an [Espainiako Gorteetarako bozetan]. Aldagai asko daude bidean. Argi daukadana da saiatu behar dugula araudia azkeneraino defendatzen, ahal dugun neurrian. Gero, Ilunberen erabilerari buruzko galdeketarena dago. Saiatu behar genuke dauzkagun legezko bideetatik horri bukaera on bat ematen. Agian, horrek eskatuko du, halabeharrez, Espainiako ministroen kontseiluari baimena eskatzea. Ez da gustuko gauza bat, baina, balio badu galdeketa egin ahal izateko, egin beharko da.

Esan izan duzu ezin dela denari buruz galdetu.

Galdeketak dira parte hartzeko modu bat, baina ez bakarra. Norbait zerbaitekin ados ez badago, kasu guztietan galdeketa bat proposatzeak blokeora garamatza. Zezenketen inguruan, 9.000 sinadura egoteak badu balio bat, badago egonezin bat. Horregatik eman diogu bide honi. Beste kasu batzuetan, ondo baloratu behar da tresna egokia den ala ez.

Estatus politikoari buruzko galdeketak ere egin dira hainbat herritan; Donostian ere agertu da gogo bat. Gustatuko litzaizuke halako bat egiten duen lehen hiriburua Donostia izatea?

Pausoak emanez joan behar da, eta, alde horretatik, Gure Esku Dago-koek hala ikusten badute, zergatik ez egin Donostian ere? Baina, eskatzen hasita, nik nahi nuke Donostian soilik ez baizik Euskal Herrian ere egitea galdeketa, eta legezko indar osoz.

Donostia 2016 hiruburutza martxan dago. Zer moduz doa?

Ondo doa, nik uste. Programa zenbateraino betetzen ari den ikusiz gero, aurreikusi bezala ari dira gertatzen gauzak. Gero, esaten da: «Ez da hainbeste nabaritzen». Hor beste fenomeno bat dago: espektatiben eta errealitatearen arteko distantzia. Ez da inoiz esan programaren helburua zenik ikuskizun handiak-eta egitea. Gaur, boluntario ari den emakume bat etorri da esanez oso gustura dagoela. Hori zen helburua. Prozesuak, elkarlana sortzea. Adibidez, ikaragarrizko aukera izan dugu Iparraldearekin elkarlanean aritzeko, eta horrek utziko du bide bat.

Horrez gain, zer nahi zenuke ondorenerako gelditzea?

Hiru gauza. Bat, hiriari begira, elkarrekin bizitzeko moduan eragin positibo bat izatea. Gero, harreman sarea. Hiritik kanpora, sortu dugu sare bat, eta sortu ditugu harreman batzuk. Eta hiru, etorkizunera begira hiria gera dadila lotuta baikorra den irudi batekin. Kulturari lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.