Memoria historikoa

Osatu gabeko puzzlea da

Paco Etxeberria auzitegi medikuak hobi komunei buruzko hitzaldi bat eman du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan; memoria historikoaren arloko itzalak ezkutatu gabe solastatu da.

arantxa iraola
Donostia
2017ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Donostian, Martuteneko presondegiko atarian —beste edozeinetan ere izan zitekeen—, gudari zahar bat, galdezka, han iraganean egin zituen egonaldiei buruzko argibide eske. Atearen beste aldean, isiltasuna: erantzunik eza. Irudi hori Paco Etxeberria auzitegi medikuak gogora ekarri zuen atzo Donostian, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan martxan jarri den Biolentzia masiboa, hobi komunak eta giza eskubideak. Auzitegi medikuntzako zientzietatik eta giza zientzietatik ikuskera bat ikastaroko lehenbiziko hitzaldian. Memoria historikoaz aritzean hobi komunen inguruko albisteek aparteko oihartzuna hartzen dutela aitortu zuen. Iragan hamazazpi urteetan, hain justu, estatuan 500 hobi hustu direla azaldu zuen: «Atzerriko jendea harrituta geratzen da horren berri duenean». Horietatik 71 zabaldu dira Hegoaldean. Baina lurpetik ateratze horiek egitea bezain garrantzitsutzat du Etxeberriak memoria historikoaren gaineko lanen dokumentazio ona, jazarritakoek ez dezaten gehiago ate joka ibili behar haien minaren memoriako puzzlea osatzeko falta dituzten agirien eske. «Gizon horiek abailduta iristen ziren etxera».

Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko buruzagia Espainiako Gobernuko presidente zela, hobi komunak husteko eta memoria historikoa lantzeko aparteko «laguntza instituzionala» izan zela adierazi zuen atzo Etxeberriak, eta atzeman zela hori. Ordutik, bestelakoa izan da jarrera. «Salbuespena Euskal Herria izan da; hobiak normaltasunez hustu dira, naturaltasunez». Mugak muga. «Espainiako Memoria Historikoaren Legea beharrezkoa da, baina ez nahikoa; PSOEren hainbat izuk galga jarri zioten. Testu motza da».

Horrez gain, oroitarazi zuen instituzioetako diru iturriak oparoak izateak bakarrik ez duela lan ona bermatzen. 36ko gerrako eta frankismoko memoria historikoa berreskuratzeko egin diren jardunei buruzko txosten denak Salamancako artxibategira (Espainia) igorri behar direla esan zuen, baina zenbaitetan ez dela hori bete. «Lotsagarria da. Nor geratu da Madrilen horiekin?». Egindako hainbat lan, halaber, ez direla behar bezala «publiko» egin salatu zuen.

Profesionalen beharra

Zenbait hobi husteko orduan, profesionaltasun falta agerikoa izan dela deitoratu zuen; adibideak jarri zituen, praktika txarrenak, auzitegi medikuntzak ezartzen dituen irizpideetatik kanpo egin izan diren jardunbideenak. Era horretako gertaerak saihesteko, administrazioak langile trebatuak kontratatu beharko lituzkeela esan zuen, eta hasitako lana amaituko dela bermatuko dela hala. «Hori egingo balitz, bi legealditan amaituta legoke hobien gai hau». Lan talde horiek iraunkorrak eta independenteak izan behar dutela defendatzen du auzitegi medikuak.

Gero, beste alor batzuk egongo dira jorratzeko. Krimen horien guztien «judizializazioa» zaila izango dela aitortu zuen, eta inoiz gauzatzen bada, zigor zuzenbidearen ikuspegi berri batetik goldatu beharko dela: «Hain justu, biktimen arreta ardatz duen ikuspegitik; oso modernoa da hori». Gero eta gehiago hitz egiten da, ordea, erreparazioaz, ordainaz. Era sinbolikoan bada ere. Alde horretatik, instrukzio epaileren batek hobiren bat hustearen harira tankera horretako ebazpenen bat kaleratu izan duela esan zuen, eta albiste ona litzatekeela halakoak usuago ikustea. «Normalean, ordea, besterik gabe artxibatzen dituzte halakoak». Zauriak orbantzen lagun dezaketen hitzik plazaratu gabe. Eta biktimen senitartekoek, oro har, keinu abegikorragoen premia izaten dutela uste du. AI Amnesty International erakundeak berak, alde horretatik, eginak ditu eskariak. Etxeberriak Txile eta Argentina hartu zituen adibide; bietan, judizializazioaren atariko urrats izan ziren egiaren batzordeak. Akuilu bat bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.