Koronabirusa. Zahar etxeak

Egoiliarren itxialdia noiz arinduko zain

Kezka adierazi dute senideek, zahar etxeetan apurrak direlako bakartzea leuntzeko neurriak, eta horrek eragin handia izan dezakeelako edadetuen osasunean.

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Jolasteko, kirola egiteko edo paseoak emateko, herritar gehienek izan dute konfinamendua arintzeko moduren bat azken asteotan. Zahar etxeetan bizi diren edadetuek izan ezik. Martxo erdialdean koronabirusaren krisiak eztanda egin zuenetik, egoitzak itxita egon dira, eta adinekoak, bakartuta: ezin izan dira zentroetatik atera, ezta logelatik ere. «Itxita daude, pandemiaren hasieran baleude bezala. Egoitzetan ez dago malgutze neurririk», salatu du Amaia Alvarezek. Ama du Barakaldoko (Bizkaia) Sanitas zahar etxean, eta asteon zentroaren aurrean egindako protestan parte hartutako senideetako bat da. «Ezin ditugu kristalezko kaiola batean utzi».

Izan ere, kezkatuta daude familiak. Egoitzetako datuak hobera egiten ari dira, baina egoiliarrak gaixo baleude bezala tratatzen dituzte oraindik, eta ezinegona piztu die itxialdiak adinekoengan izan dezakeen eraginak: «Logeletan itxita daude; aurreko horma baino ez dute ikusten. Bakartzea gehiegi luzatzen ari da. Eta batzuk oso txarto aterako dira krisi honetatik: medikuek ere aitortu dute ondorioak latzak izan daitezkeela, azkarrago hondatzen ari direla. Askok agian ezin dute hitzez adierazi, baina tristeago daude; COVID-19ak hiltzen ez baditu, tristurak hilko ditu». Funtsezkotzat jo du egoiliarren osasuna galdutzat ez ematea: «Burua txarto dutenen inguruan, esan izan digute: 'Zer nahi duzue, bada?'. Tira, nahi dugu haiek ahalik eta ondoen egotea ahalik eta denbora gehien, eta eragotz daitekeen hondatzea eragoztea».

Hartara, egoitzetan «bizimodu normala» egiteko pausoak eskatu dituzte senideek. «Zahar etxe batean bizi dira, baina gizartearen parte dira, ezin dituzte betiko apartatu». Aste honetako mobilizazioak eragina izan du, hala ere: «Orain arte, egun batzuetan logelatik atera dituzte ordu erdiz, korridoreetan, eta, elkarretaratzearen ondoren, terrazara ere eraman dituzte». Ez da nahikoa, haren ustez: «Probetan negatibo eman dutenek behintzat gune komunetan elkartu beharko lituzkete, bazkaltzeko, adibidez; segurtasun distantzia zainduta, has daitezen elkarrekin izaten».

Informazio gutxi

Senideen eskaera horrek, gainera, badu oinarri sendo bat: Osakidetzak maiatzaren 6an zabaldutako protokolo batek zehaztu du zer kasutan mantendu behar diren bakartze neurriak. Eta argi adierazi du bakarraldia ez dela kaltegabea: «Birusaren transmisioa geldiaraztea bezain garrantzitsua da bakartzearen luzatze justifikatu gabea saihestea, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonei sufrimendu handia eragiten dielako, eta mehatxu bat delako haien ongizaterako eta buru osasunerako; are larriagoa da, gainera, edozein elbarritasun psikiko dutenentzat, ezin dutelako egoera ulertu, eta pertsonekiko harreman premia handiagoa dutelako».

Argitzeko dago nola arinduko den konfinamendua zahar etxeetan. Erakunde batzuk ari dira irizpide batzuk lantzen, baina zentro askok ez dute informazio argirik ematen, Alvarezek deitoratu duenez: «Sanitasen esan digute apurka emango dutela, baina ez dute gehiago zehaztu. Hildakoez ere ez digute daturik eman, baina senideok hitz eginda, badakigu gutxienez hogei pertsona zendu direla. Eta informaziorik ez edukitzeak kezkak eta susmoak elikatzen ditu». Gogora ekarri du familiek telefono zenbaki bat eta webgune bat dutela zalantzak argitzeko: «Galdetu ezean, ez dizute ezer esaten, eta galdetuta ere, erantzuna antzekoa da beti: aztertzen ari direla. Baina guk ez dugu webgunea kexaz bete nahi: konponbideak nahi ditugu».

Bisitekin ere normaltasun handiagoz hasi nahi dute senideek. «Ikusi egin nahi ditugu», adierazi du, irmo, Alvarezek. Sanitas egoitzan berriki hasi dira bisitak bideratzen, joan den asteburuan. «Ordu erdikoak dira, txanda aurrez eskatuta». Egonaldiak zailak direla azaldu du, eta horietan ere segurtasun neurriak leuntzera jo beharko luketela uste du: «Nire amarengandik bi metrora, pantailarekin, maskararekin, mantalarekin... amak ez ninduen ia ezagutu. Bioi egin dizkigute probak, eta biok gaude osasuntsu; biok baldin badaramatzagu eskularruak eta maskarak, zergatik ezin diot eskua laztandu? Babes neurriekin, zergatik ezin dut gurpil aulkian atera lorategira?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.