Txerto morea prentsa horiari

Hedabideek sexu erasoei buruz argitaratzen dituzten albisteak ikertu ditu Iruñeko Udalak. Auzia agendan sartu den arren, adituek morboan labaintzeko arriskua antzeman dute.

Kazetari ugari, 2016ko sanferminetako bortxaketaren epaiketan. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sanferminetako talde bortxaketaren auzian filtratutako audioak, hemen entzungai. Albiste irakurrienetako baten lerroburua da, Nafarroako agerkari digital baten azaleko orrian. Lehen begi kolpean ikusteko moduan jarria dago. Webgunean behera eginez gero, bisitariak jite bereko titulu gehiago aurkituko ditu, eta baita sanferminetako sexu erasoak «ikurrinaren inposizioarekin» parekatzen dituen «umorezko» zinta bat ere. Iruñeko Udalak sexu erasoei eta indarkeria matxistari buruzko albisteak aztertu ditu, eta, azken urteetan informazioaren kalitateak «hobera» egin duen arren, ikerketaren egileek uste dute asko dagoela egiteko.

Udalak sanferminekin lotutako berriak aztertu ditu batez ere, jaietan gora egiten baitute salaketek eta ondorioz hedabideetan ere ugaritu egiten baitira indarkeria matxistari buruzko artikuluak. Pandora Mirabilia generoan eta komunikazioan espezializatutako aholkularitza enpresa arduratu da txostena ontzeaz. Hango ikerlaria da Soraya Gonzalez Guerrero komunikazio digitalean aditua: «Hedabideen aldetik interes handia igartzen dugu. Lehen, mugimendu feministak ibili behar zuen hedabideen atzetik, festetan gertatutako sexu erasoen berri ere eman zezaten; orain, egoera kontrakoa da: hedabideek bilatzen dute informazio hori. Agenda komunikatiboan sartuta dago auzia».

Gonzalezek uste du hori berez positiboa dela, baina arriskuak ere antzeman ditu: «Alde batetik, bolada edo denboraldi jakin bati lotutako fenomeno bihur daiteke: udako festak hurbildu ahala, sexu erasoez hitz eginen dugu, eta gainontzeko hilabeteetan, ahaztu». Bestalde, hedabideen interesak gora egiten duen heinean, orrialdeak morboarekin, sentsazionalismoarekin edota estereotipoak betikotzen dituzten ikuspegiekin betetzeko joera ere indartzen ari da. «Hedabideek, oro har, lehen baino kontaktu handiagoa dute mugimendu feministarekin, eta saiatzen dira iturriak feminizatzen, baina batzuek hanka-sartze nabarmenak egiten dituzte oraindik terminologian, eta kontrastatu gabeko datuak edota gehiegizko xehetasunak ematen dituzte».

Kazetarientzako dekalogoa

Intimitatea babestu eta emakumeen biktimizazio bikoitza eragozte aldera, Iruñeko Udalak kazetarientzako hamar gomendio biltzen dituen katalogo bat ondu du. Besteak beste, interes komunikatiboen gainetik biktimaren ongizatea lehenestea, iturri ofizialetara jotzea eta erasoa justifika dezaketen arrazoien gainean ez espekulatzea aholkatu dute. «Hedabide askok, asmo onez bada ere, ez dute udalaren estrategia bere egin, eta informazio gehiegi eman ohi dute: erasotzailearen arraza eta jatorria, biktima identifikatzeko balio dezaketen datuak, erasoari buruzko xehetasun morbosoak... Iturri ofizialek emandako informazioa nahikoa ez, eta filtrazio judizial eta polizialetara jo dute». Errudunak «basapiztia gisa» deskribatzeak ere ez du laguntzen, Gonzalezen ustez: «Tamalez, erasotzaileak ez dira anakronikoak, edota anomaliak. Ez dira munstroak, gizon arruntak baizik».

Horregatik, Gonzalezek galdegin du aintzat hartzea emakumeen aurkako eraso matxistak «egiturazko desoreka baten testuinguruan» gertatzen direla: «Prisma horrekin, narratiba justifikatzaile eta sentimentalak saihestuko ditugu, eta ez dugu emakumea paternalismoz tratatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.