Euskal kulturaren transmisioa eskolan. Hutsuneei aurre hartzen. Nekane Goikoetxea eta Iñaki Urruzola. EKTko koordinatzaileak

«Praktika erresistente bat da gurea; hori oso argi daukagu»

Euskal kulturaren transmisioa iparrean, gaurko munduaren auziei begirada konpartitu batetik heltzen dio EKT graduondokoak. Hamalau urtean, 300 hizlari eta 200 ikasletik gora bildu ditu.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko martxoak 31
Euskaldun izatea gaur zer den, nondik egin den bidea eta norantz, gaur eta hemen erronkak zein diren. Bi urterik behin, horien guztien inguruan harilkatzen du ikasturtea EKT Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren graduondokoak. Zazpigarren edizioa du aurten, eta Eskoriatzan (Gipuzkoa) hartzen du leku, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean.

Nola abiatu zen guztia, ze jenderekin, ze gogoetarekin?

IÑAKI URRUZOLA: 2002an Arteola deituriko prozesu bat abiatu zen, eta niri tokatu zitzaidan gidatzea. EKTren lehen edizioa 2007an jarri zen martxan; baina tartean hainbat egitasmo izan ziren. Prozesu horretan testuinguru kultural oso interesgarri bat zegoen Bilbon, batez ere, Kafe Antzokiaren esparruan. Ibilbide luzeko kulturgile batzuk eta belaunaldi gazteago bat geunden han, eta egunerokoan transmisio falta ikusten zen gure artean. Hori antolatzeko eskaera bat zegoen gure aldetik, interpelatu egin genituen. Hor zeuden Jose Anjel Irigarai, Josu Zabala, Juan Antonio Urbeltz, Jabi Lauzurika Apolo, Teo Etxaburu, Koldo Tapia, Xabier Aierdi, eta gero, Huheziko konexioa, Julen Arexolaleiba eta Jon Sarasua. Inguruan ere sortzaile asko egon ziren prozesua gertutik ezagutzen.

NEKANE GOIKOETXEA: Huhezin hartu zuen lur, fakultatearen ezaugarriengatik; nahiko irekia delako proiektu berrietarako.

I.U.: Eta ordutik istorio zoragarri bat izan da; 14 urtean 300 hizlari eta 200 ikasletik gora igaro dira. Zerbitzu bat da, kulturgintzan murgildu nahi duenarendako.

Zerbitzu modura ulertzen duzue EKTren egitekoa?

I.U.: Bai, pirotekniatik urrun eta egunerokotasunari lotua. Hori tradizio oso zahar bat da gurean; oraintsu arte egon dira gune neuralgikoak horrela funtzionatzen.

N.G.: Gaurko logika askotatik kanpo kokatzen da. Ez du eragin efektista bat bilatzen; arnas luzeko eskaintza bat izan nahi du. Horregatik egiten dugu lan ondare terminoetan. Hartzailea ere euskaltasunean bide egin nahi duen herritar soil modura ikusten dugu. Praktika erresistente bat da gurea, hori oso garbi daukagu.

I.U.: Murgiltze linguistikoa dagoen bezala, honek betetzen du murgiltze kulturalerako aukera.

N.G.: Eta editorearena. Edizio bakoitzak du bere diseinua, ahots eta galdera berriak. Intentzio bat dago, baina ikasle eta hizlarien arabera, kimika bat sortzen da.

Ikasgelan bildutako ondare horri zein bide ematen zaio gero?

I.G.: Hasieratik argi geneukan ikasgelan gertatzen zena kanpora ere atera behar zela. «Herri jakintza nahi dugu eta jakintza herriarentzat nahi». Alegia, gelakoaz aparte, egon dadila gertaera kultural horren oihartzuna gizartean. Hala, hasieratik egin da lana hedabideekin. Kultura minorizatu batek derrigor pentsatu behar du transmisioaren kontzeptuaz, arazo ontologiko eta existentziala da.

N.G.: Honen bokazioa hori da: euskaltasunari forma emateko espazio bat izatea, euskaltasuna aspalditik datorren erresistentzia fluxu moduan ulertuta. Baina badago joera gauzak gaur hasiko balira bezala jokatzeko.

Metodologia berezia da; askotariko hizlariak, bakoitza beretik.

N.G.: Hizlariari jakintza aitortzen diogu, baina hori dena drainatzeko garaian hartzailea ere bada nor. Ikaslea prestatzea datorren hizlari horren aurrean irekita egoteko, ez izateko epaile.

Jarrera aktiboa eskatzen du.

N.G.: Ezinbestez, gustatzen zait- ez zait gustatzen hortik harago. Hori da gizarteak gurekin egin nahi duena, eta alternatiba da: berdin zaigu ez bazaizu gustatzen. Ikasi entzuten, eta begiratu barruan zer ari den gertatzen. Hizlariekin ere lan paralelo bat egiten da: praktikak teorizatzen, diskurtsoak konexioak jartzen...

I.U.: Osotasunari begira egon behar da, osotasunetik blaitu. Mobilizazio bat gerta dadila zure baitan: eguneroko praxirako kontzienteago egin, eta norbere errealitatea hobeto irakurtzeko.

N.G.: Gure herria ezagutu behar dugu osotasun horretan ondo kokatzeko. Espezializazioa euskal gaietan behar izan da instituzionalizazio garaiaz geroztik, baina eskaintza hau nolabait aurrekoa da. Humanitateen funtzio printzipalarekin konektatuta dago: pentsatu, ikasi, irakurri, aurretik esanak ezagutu... Euskaltasuna lotuta dago humanitatearen patuarekin. XXI. mende honetan bizitzaren aurrean kokatzeko modu bat ere bada horregatik. Berdin etortzen da antropologo bat, filosofo bat, arte ederretako norbait, bertsolari bat, herri bateko kultur dinamizatzailea...

Behatoki horretatik, zein dira transmisioari lotuta ikusten dituzuen aukera-arriskuak gaur?

I.U.: Gizarte teknologizatu honek anabasa dakar, eta, beraz, gogoetarik eza. Gizartearen abiaduraren aurrean behaketa abiadura aldarrikatu behar da.

N.G.: Badago kezka bat euskal kulturaren inguruan zabaltzen diren estereotipoekin. Kriterioa behar da. Eta xumetasuna. Txertoa jartzea gaurko munduak gurekin egiten duenari: merkantilizazioa, esposizioa... Kultura guztiei gertatzen zaizkigu gauzak, baina gurea, gainera, minorizatua da, eta behar da horren kontzientzia hartu eta ondorioen jabe egitea.

I.U.: Kexaren kulturatik aparte, erantzukizunetik. Euskal munduan aritzeko ere behar da orientatu, eta gaurko basoan zaila da.

N.G.: Azken urteetan oso ederra izan da ikustea gazteak, gaia urruti sentituta ere, nola ari diren pizten. Nola ari diren isiltzen, zentzurik ederrenean, eta zer ari den gertatzen begiratzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna