Syrizako hainbat kritikok erreskatearen aurkako mugimendua sortuko dute

Tsiprasen gobernuak beste zubi kreditu bat saihestearen «garrantzia» nabarmendu du legebiltzarreko saioan.Eurotaldea gaur bilduko da

Panagiotis Lafazanis Energia ministro ohia da gobernuaren aurka agertu diren diputatuetako bat. ALEXANDROS VLACHOS / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Beste behin ere agerian gelditu da Syriza koalizioaren barne zatiketaGreziako Legebiltzarrean. Alexis Tsiprasen gobernuak aste honetan hartzekodunekin adostutako itunerako oinarriaren inguruan eztabaidatu zuten atzo, eta Syrizako hainbat diputatu kritiko agertu ziren gobernuarekin. Energia ministro ohi Panagiotis Lafazanis, esaterako. Lafazanisek erreskatearen kontrako mugimendu baten sorrera iragarri zuen. Akordioari buruzko bozketa atzo gauerdi inguruan zuten egitekoa diputatuek. Lerro hauek idazterakoan oraindik egin gabe zuten, baina ezusterik ezean, aurrera aterako zen, oposizioko zenbait alderdiren babesarekin.

Lafazanis eta Syrizako beste 11 kidek sinatu dute erreskatearen aurkako agiria. Bertan, memorandum berriaren aurkako borrokara deitu dituzte herritarrak. Sinatzaileen arabera, Greziarentzat eta demokraziarentzat «hondamena» da aurreko bi erreskateak baliogabe uzteko aukeratutako gobernu batek beste memorandum bat sinatzea: «Hirugarren erreskateak austeritate gehiago esan nahi du, eskubide zibilak murriztea eta herrialdea betiko besteen menpe gelditzea».Gobernuak kritikatu egin du agiriaren sinatzaileek «beste bide bat» hartu izana, Syriza koalizioak udazkenean egin asmo duen kongresuaren aurretik.

Euklides Tsakalotos Finantza ministroak erreskateari buruzko akordioa sinatzearen garrantzia nabarmendu zuen legebiltzarrean, horrek beste zubi kreditu bat eskatu behar izatea saihestuko lukeelakoan: «Ez dut sinesten hemen pertsonarik badagoela beste zubi krediturik nahi duenik».

Itunerako oinarriaren arabera, hirugarren erreskatea 86.000 milioi euro ingurukoa izango da, hiru urterako. Lehen zatia—25.000 milioi inguru— osteguna baino lehen kobratzea da Atenasen helburua, egun horretan EBZri egin behar dion 3.400 milioiko ordainketa egiteko. Bestela, zubi kreditu bat eskatu behar luke, uztailean egin zuen bezala.

Zor handiegia

Horretarako, eurotaldearen oniritzia behar du akordioak. Gaur arratsaldean dira biltzekoak EBko herrialdeetako finantza ministroak. Eurotaldeak ituna onartzea espero da, baina Europako Batzordeak, badaezpada, zubi kredituari buruzko txostena ere bidali dio, akordiorik lortuko ez balute. Eurotaldearen oniritzia lortuz gero, hainbat herrialdetako legebiltzarren txanda izango da gero. Alemaniako ganberak, esaterako, datorren astearte edo asteazkenean egin asmo du bozketa. Finlandiak, berriz, iragarri du prest dagoela hirugarren erreskatean parte hartzeko.

Bitartean, Europako Batzordeak, EBZk eta ESM funtsak aitortu dute zalantza egiten dutela Greziaren zorraren eramangarritasunaren inguruan. 2016an BPGaren %200dik gorakoa izango dela uste dute, baina kita saihesgarria delakoan daude zorra arintzeko neurri batzuk erabiltzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.