Atzeko patioko esperimentuak

Gerra Hotzaren amaieran, euren hegemonia justifikatzeko modu berri bat topatu zuten AEBek: esku hartze «humanitarioa». Gaur 25 urte, Panamako inbasioarekin frogatu zuten.
Panama Hiriko auzo txiroenetan sarraskia eragin zuten soldadu estatubatuarrek.
Panama Hiriko auzo txiroenetan sarraskia eragin zuten soldadu estatubatuarrek. ECURED

Samara Velte -

2014ko abenduak 20
Zertarako mobilizatu behar ditu munduko armada handienak bere puntako teknologia eta soldaduak, ia autonomiarik gabeko herrialde txiki batean sartzeko? Panamar askok galdera hori egiten diote oraindik euren buruari. AEBen inbasiotik 25 urte igaro diren arren, bertsio ofizialak itaun asko dauzka erantzun gabe; eta egiara gehiago gerturatzen den bertsio estraofiziala krudelegia da Washingtonek sekula ontzat jotzeko.

1989ko abenduaren 20an, Vietnamgo Gerraz geroztiko eraso militar gogorrena abiatu zuen Pentagonoak Panaman. Gerra Hotzaren amaiera zen; aste gutxi igaro ziren Berlingo Harresia erori zenetik, eta AEBek beste funtzio bat bilatu behar zuten hegemonia militarra justifikatzeko. Komunismoaren aurkako gerrak jada ez zion balio.

Esperimentatzeko helburu erraza zen Panama. Kanala kontrolatuta, XX. mende osoan euren menpe eduki zuten AEBek herrialdea, ekonomikoki zein militarki. Bertan eraiki zituen Pentagonoak bere base estrategikoenak, baita Ameriketako Eskola sonatua ere: akademia hartan trebatu eta hezi zituen Latinoamerika osoko armadaburuak eta talde paramilitarrak, gerora mugimendu komunistak zapaldu eta gobernu sozialisten aurkako estatu kolpeak zuzenduko zituztenak.

1980ko hamarkadarako, AEBak hasiak ziren Panamaren gaineko kontrola estilo neokolonialera egituratzen: kanalaren kudeaketa bertako gobernuaren esku uztea adostua zuten, edozein larrialditan militarki esku hartzeko baldintzarekin. Baina egoera politikoa ez zegoen Washingtonek nahi bezain bare. Omar Torrijos jenerala erabat argitu gabeko istripu batean hil zenetik, Manuel Antonio Noriega zegoen agintean; CIAren konplize ohia zen, baina azken urteetan gehitxo aldenduta zebilen AEBetako Gobernuaren interesetatik, bere buruaren mesedetako konspirazioetan gotortuta. Besteak beste, Torrijosen hilketarekin lotura izatea eta narkotrafikotik dirutzak lortzea leporatzen zioten Noriegari. Herrialdean ere ez zitzaion etsairik falta: burgesiak probetxu handia ateratzen zion kanalari, eta ez zuen nahi hura Panamako Gobernuaren esku geratzerik; ezkerrak eta herri mugimenduek, berriz, gero eta presio handiagoa egiten zuten burujabetzaren alde.

'Kausa justua'

AEBek probetxu atera zioten ezinegon hari, eta estatuburuaren aurkako kanpaina erasokorra abiatu zuten. 1989ko udan probokazio sistematikoa hasi zen. Soldadu estatubatuarrek nahieran atxilotzen eta geldiarazten zituzten panamarrak, eta errepideak mozten zituzten segurtasun indarren erantzuna eragiteko. Abenduaren 18an, istilu batzuetan, AEBetako armadako kide bat hil zuten. Pentagonoak zabalik zeukan desiratutako esku hartzerako bidea: Panaman bizi ziren estatubatuarren interesen eta giza eskubideen defentsa aldarrikatuta, Noriega «diktadore trafikatzailea» agintetik kentzeko operazioa hasi zuten, eta Kausa justua deitu zioten erasoari.

AEBek eliteko 26.000 soldadu igorri zituzten Panamara; herrialdean bertan beste 12.000 zeuzkaten. Puntako teknologia militarra erabili zuten: besteak beste, F-117 Nighthawk ehiza hegazkinak eta AH-64 Apache helikopteroak. Helburu ofizial bakarra Noriega eta haren 12.000 soldaduko armada boteretik kentzea zela esan arren, soldaduak zibilen guneetara ere sartu ziren, eta haiei babesa emateko moduko guneak suntsitu zituzten —enbaxadak eta eraikin publikoak—. Bilbon bizi eta Euskal Herriko hedabideentzat lanean aritutako Juantxu Rodriguez kazetaria tiroz hil zuten militarrek. «Soldaduak histeriaren mugan zeuden», kontatu zuen biharamunean haren lankide batek: «Ez zegoen panamar bakar bat ere inguruan; soilik armarik gabeko kazetariak».

Panama Hiriko langile auzoetan erresistentzia antolatu zuten herritarrek; zenbait lekukok gerora adierazi izan dutenez, horrek are gehiago harritu zituen soldaduak, batzuk sinetsita baitzeuden panamarrek lore eta banderekin hartuko zutela misio «humanitarioa». Su eman zioten El Chorrillo auzo txiroari, eta eraso gogorrak egin zituzten Kuba, Nikaragua, Peru eta Venezuelako enbaxaden aurka. Gerora filtratutako informazioen arabera, AEBetako Gobernuak bazekien erasoa hasi aurretik non zegoen Noriega; hark, dena den, babestea lortu zuen.

Egun batzuetan, erabateko kontrol hutsunea geratu zen Panaman, eta eraso eta arpilatzeak hedatu ziren. Gero Guillermo Endarak hartu zuen presidente kargua; hilabete batzuk lehenagoko hauteskundeetan garaile ateratakoa zen, AEBek herrialdeko oposizioarekin Noriega agintetik kentzea negoziatu zutenean. Planak, dena den, huts egin zuen, eta Endara itzalpean geratu zen inbasioaren ondorenera arte. Azkenean, AEBetako base militar batean egin zuen karguaren zina; historia ofizialak une hari aitortzen dio Panamako diktaduraren amaiera.

Inbasioak zenbat biktima eragin zituen ez dago guztiz argi. Amerika Erdialdeko Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 2.000 eta 3.000 pertsona artean hil ziren gutxienez; asko Panamako hobi komunetan edota Latinoamerikako base militarretan egon litezke lurperatuta. 20.000 lagun inguruk etxea galdu zuten, eta gehienek ez dute kalte-ordainik jaso. AEBetako Gobernuarentzat, «albo kalteak» izan dira beti.

Gerra adierazpenik ez zuen egin Washingtonek. Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak inbasioaren aurkako ebazpen bat onartu zuen, hark «nazioarteko legea eta estatuen independentzia, burujabetza eta lurralde osotasuna» urratu zituela argudiatuz. Segurtasun Kontseilura ere heldu zen antzeko agiri bat, baina AEBek betoa ipini zioten, Erresuma Batuak eta Frantziak babestuta.

AEBetan, aurkari arriskutsu baten aurkako eraso arrakastatsu gisa saldu zuten Panamako inbasioa. George H. W. Bush presidenteari arnasa eman zion barne politikan, eta Pentagonoarentzat gerra egiteko modu berri bat hasi zen: esku hartze «humanitarioarena». Komunismoaren mamua astindu ordez, giza eskubideen aldeko diskurtsoaz jabetu zen munduko potentzia militar nagusia, atzerriko esku hartzeak justifikatzeko. Haren ondotik heldu ziren, besteak beste, Irak, Serbia, Afganistan, Libia, Yemen eta Siria, arrazoi berberetan oinarrituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna