Gora, behera, eta berriz gora

Espero ez zituen egoerak egokitzen ari zaizkio sasoi honetan Ander Capa Eibarreko jokalariari: partida batzuetan jokatu gabe egon zen, eta, berriz jokatzen hasi zenean, Bartzelonaren eskaintza ere jaso omen zuen.
VILLAR LÓPEZ / EFE

Aitor Manterola

2017ko apirilak 21
Eibarreko eskuin hegalaren jabe eginda dabil azken denboraldietan Ander Capa (Portugalete, Bizkaia, 1992). Bigarren B Mailan hasi, eta Lehen Mailara arte, gora eta behera ibili da korrika. Aurreko denboraldira arte zelai erdiko marratik aurrera, eta, Jose Luis Mendilibar denetik entrenatzaile, zelai erditik atzera.

Denboraldi honetan, hala ere, hegalaren jabetza hori galdua izan du une batez Capak. Horren ondorioz, jokalariak behera egin zuen animoz, ezusteko egoera izan baitzen berarentzat. Mendilibarren kate motzak ez daki zer den urteetako ibilbidea, egunean-egunean erakutsi behar dio jokalari bakoitzak ondo ari dela. Capari abisua eman zion iazko urriaren 30ean. Ipuruan izan zen, Vila-realen aurka. Eibar galtzen ari zen, eta Caparen erasoko ekarpena ondo zetorkion taldeari, baina entrenatzaileak aldatu egin zuen 73. minutuan.

Ondorengo lau partidetan ez zuen alerik jokatu, eta aulkian egon zen eskuin hegaleko jokalaria. Orduan, aitortu zion BERRIAri gaizki pasatzen ari zela, eta etsiak jotzear zegoela ere kontatu zuen: «Gogorik gabe bezala ari naiz, eta badakit jokatu eta gauzak ondo eginda ere ez dudala lekurik hamaikakoan». Bosgarren partidan izan zuen hamazazpi minutu jokatzeko aukera, Alavesen aurka, baina berak esandakoa bete zen hurrengoan: Leganesen aurkakoan ez zuen batere jokatu. Behera berriz ere animoz, baina ez luzerako.

Jarri zuen Mendilibarrek berriz ere hasieratik Gabonetako etenaldiaren ondorengo lehen partidan, eta gaur arte. Gora berriz ere Capak, eta zelaian gora eta behera. Eta oso gora, beste talde batzuen balizko fitxaketen zerrendan egoteraino. Bartzelonak nahi zuela zabaldu zen, Aleix Vidalen falta betetzeko. Eskaintza ere egin omen zion Kataluniako taldeak, denboraldi honetan utzita joateko, baina Eibarrek ez ei zuen onartu. Orain berriz ere hasi da zarata, eta Bartzelonak Capa fitxatu nahi omen du datorren denboraldirako. Athleticek ere begiz jota daukala zabaldu da.

«Gauza handia da horrelako talde handiek niregan interesa izatea, eta polita ere bai. Baina nire ordezkariari eskatu diot ez esateko niri ezer kontu horietaz denboraldia amaitu arte», aitortu zuen atzo Arrasaten (Gipuzkoa), entrenamendua bukatutakoan kazetarien aurrean egindako agerraldian. «Datorren denboraldirako ere kontratua daukat Eibarren, eta liga hau bukatzeko sei jardunaldi falta dira oraindik», gehitu zuen. Galdera zuzen-zuzena egin zitzaion, ea Bartzelonaren eskaintzari ezetz esan dakiokeen. Garbi mintzatu zen Capa: «Ezin zaio ezetzik esan». Laster argituko dira kontuak haren etorkizunaren inguruan, denboraldi amaiera gainean baita.

Norbera pozik denean, eta olatuaren aparrean, ez omen da txarra izaten atzera begiratzea, eta ondo gogoan dauzka denboraldi honetan igarotako garai txarrak: «Gaizki egon nintzen, eta kanpora begira ez nuen triste itxura eman nahi. Etxean sufritzen nuen gehien», kontatu zuen atzo. «Baina eman diot buelta, eta gauzak ondo egiten ari naizen seinale da talde handiren batzuk nire atzetik ibiltzea».

«Athleticzalea naiz»

Ustez bera segika ari den talde horietako bat oso berezia da berarentzat: «Beti izan naiz Athleticen zalea, umetatik, aitak hori sartu izan zidalako». Bere betiko taldea eta egungoa aurrez aurre izango dira astelehenean Ipuruan, eta onartu du berezia izango dela beretzat: «Ez da beste partida bat niretzat, baina Lehen Mailako lehia guztiek sortzen didate aparteko zirrara».

Antzeko zerbait sentitu zuen Athleticeko harrobiko jokalari zela ere: «Hiru denboraldiz egon nintzen Lezaman, gaztetxoetara iritsi arte, eta ondo gogoan daukat nola joan ginen Bruneteko Txapelketa jokatzera [Espainia]. Esan zidaten ondo jokatu nuela», gogoratu du, barrezka, atzelari bizkaitarrak. Ea astelehenean ere loreak jasotzen dituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna