Hustuz joan den puxika

Bilbo Basketen historia gorako eta beherako bide bat da. 2010-2011n ACBko txapeldunorde ere izan zen; bi urte geroago hasi zen dekadentzia, arazo ekonomikoen eraginez.

Marco Banic, ligako txapeldunorde trofeoarekin, 2011ko ekainean. L. J. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hamalau denboraldiko bidea egin du Bilbo Basketek ACBn. 2000. urtean sorturiko taldeak lau denboraldi bakarrik behar izan zituen Lehen Mailara iristeko. ACBko lehen bi sasoi gogorren ostean, egitasmoa hazten hasi zen. Hazi eta hazi, erakunde publikoen edo haien gertuko enpresen babes ekonomikoaren laguntzaz. 2010-2011 sasoian jo zuen goia, ACBko txapeldunorde izan eta 11,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Bi urtera, baina, aldundiaren babesa joan egin zen, eta hor hasi ziren komeria ekonomikoak. 2013an, aldundiaren erreskatea behar izan zuen, eta, 2016an, ACBn ez parte hartzeko zorian egon zen arazo ekonomikoen erruz. Sasoi honetan, azkenik, maila galdu du, eta zorrek hor diraute. Presidenteak 5,2 milioi euroko zorra onartu zuen abenduan, eta kopuru horri jokalarien hiru hilabeteko soldata gehitu zaio.

Bilbo Basket Caja Bilbao historikoaren errautsetatik sortu zen 2000. urtean, hein handi batean Arrinda familiaren ekimenez. Casilla berpiztu, eta 2004-2005 sasoiari ACBn ekin zion. Lehen bi sasoietan 14. eta 15. izan zen ACBn, baina 2007-2008an beste pauso bat eman zuen Iurbentiaren babesarekin. 2008-2009 urtean, zortzi milioi euroko aurrekontua lortu zuen, eta Eurokopako finalerdietara iritsi zen. Ordurako, ohikoa zen partida handia BECen jokatzea.

2010-2011 izan zen taldearen urterik onena. Bizkaia Bilbo Basket bihurtu zen, aldundiarekin 1,9 milioi euroko babes akordioa sinatuta. Bilbo Arenan jokatzen hasi zen sasoi horretan, eta lanek izan zuten bi urteko atzerapenaren ondoren, aldundiak 45 milioi euroko pabiloi bat eraiki zuen Miribilla Bilboko auzoan, 10.000 eserlekuz eta kiroldegi batez ere hornitua. Sasoi hartan ligako txapeldunorde izan zen, Bartzelonaren aurka 3-0 galdu zuen finalean, eta Euroligarako sailkatu zen. 2011-2012a ere gozoa izan zen, 11 milioi euroko aurrekontua eta CSKA Moskuren aurka galduriko Euroligako final-laurdenetako kanporaketa. Bilbo Basket Europako elitean zen, baina aurrerantzean ezer ez zen berdina izango.

2012-2013 urtean hasi ziren arazo larriak. Bizkaiko Aldundiak 1,9 milioi euroko babesa kendu zuen, eta taldeak Eurokopako finala galdu zuen. Irabazi izan balu, Euroligarako sailkatuko zen berriz. Baina ez zuten behar adina diru, eta Bizkaiko Aldundiak 5,2 milioi euroko erreskatea egin behar izan zuen ekainean. Ogasunarekin zituen zorrak barkatu, eta hainbat publizitate kontratu aurreratu zituen. Gerora, Jose Luis Bilbao orduko Bizkaiko ahaldun nagusia ikertua izan zen laguntza haiengatik, baina fiskaltzak kasua artxibatu zuen aurtengo otsailean.

Taldeak kostuak murriztu beharra zeuzkan 2013-2014rako, baina ez zuen lortu. Onarturiko aurrekontua diru sarrera errealak baino askoz handiagoa izan zen. Jokalariak, ogasuna, zuzendaritzako kideak... Hartzekodunak asko ziren. 2014ko urtarrilean, Gorka Arrinda kontseilariak jakinarazi zuen 1,5 milioi euro behar zituela jokalarien soldata ordaintzeko. Jokalariek ere greba mehatxua egin zuten. Taldeak ez zuen babesle sendorik. Krisi hark akzioak saltzera behartu zuen Gorka Arrinda. Mezua argia zen: hura taldean zegoen bitartean zaila izango zen Bizkaian babesleak aurkitzea.

2014ko udan, eta zorrak tarteko, ACB ez zion ligan izena ematen utzi Bilbo Basketi. Beste taldeek neurria berretsi zuten bileran —ACBko egutegia Bilbo Basket gabe ere zozkatu zuten—, baina, azkenean, Espainiako Kirol Auzitegiaren ebazpen batek Bilbo Basket onartzera behartu zuen ACB. Bilboko taldeak bideragarritasun plan zorrotza jarri zuen martxan, jokalari, hartzekodun eta Ogasunarekin zituen zorrak apurka kitatuz joateko.

Aurrekontu murrizketa kirol mailan sumatu zen, eta aurreko bi sasoietan (2015-2016 eta 2016-2017) 10. postuan bukatu zuen. 2015-2016an, halere, ikusle gehien bildu zuen ACBko pabiloia izan zen Miribilla. Arazo ekonomikoak zuzentzeko bidean zeudela zirudien, baina, 2016ko udan, milioi bat euroko mailegua eskatu behar izan zion Caja Rural bankuari.

2017-2018 sasoia izan da okerrena kirol mailan, eta bulegoetan ere gogorra izan da. Ia sei milioi euroko zorra du taldeak, hirutik gora Ogasunarekin atzeraturiko ordainketak dira, eta hiru soldata zor zaizkie jokalariei. LEBera jaistean, taldeak 1,4 milioi jasoko ditu jaitsiera funtsetik.

Hezurra ezin arraspatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.