Munduko Koparen lezioak

Zeelanda Berriak iragarpenak bete ditu, eta hirugarrenez irabazi du titulua, bigarrena jarraian. Haren garaipen bikainak ez ezik, txapelketak eman du zeresanik ere.

Zeelanda Berriko jokalariak elkar besarkatuta, Munduko Kopako finala irabazi izana ospatzen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Eneritz Zabaleta.
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zeelanda Berriaren finaleko garaipenarekin (34-17) bukatu zen joan zen larunbatean 8. Errugbi Munduko Kopa. Ingalaterran jokatu da aldi hau, eta inoizko arrakastatsuena izan da, hala ikusle kopuruari dagokionez —estadio guztiak bete dira, eta telebista bidez inoiz baino jarraituagoa izan da lehiaketa—, nola finantza arloari dagokionez. World Rugby antolatzaileak 200 milioi euroko etekina lortu du, eta Ingalaterran eginiko kalkuluen arabera, 1.400 milioi euroko diru sarrerak sortu ditu herrialdean.

ZEELANDA BERRIA NAGUSI

Larunbateko garaipenarekin, Zeelanda Berria are sakonago sartu da errugbiaren historian. Munduko Kopa bi aldiz jarraian irabazi duen lehen selekzioa izan da; halaber, hiru Munduko Kopa irabazi dituen bakarra da. Gibelean utzi ditu, beraz, Hegoafrika eta Australia. Zeelanda Berria neurrigabe ari da agintzen azken urteetan. 2011ko eta 2015eko txapelketak batuta, Munduko Kopako 14 partida jarraian irabazi ditu. Azken lau urteetan, 60 partidatik gora jokatu ditu, eta hiru galdu bakarrik.

Zeelanda Berriko kirol izarra da errugbia, eta All Blacks-ak beti izan dira errugbiko mito bat. Baina, 1987an lortu zuten lehen tituluaren eta 2011ko tituluaren artean, 24 urte luze pasa ziren, eta Zeelanda Berriak joko ikusgarria egin bai, baina irabazten ez zekien taldearen fama hartu zuen. Asteburu honetako garaipenarekin, gibelean utzi du fama hori.

HEGO HEMISFERIOAREN AGINTEA

Hego hemisferioko lau selekzio sailkatu dira finalerdietarako. Munduko Koparen historian lehen aldia da horrelakorik gertatzen dena. Errugbia profesional bihurtu zelarik, Europako selekzioek beranta hartu zuten, hegotarrekiko. Baina, 2000kohamarkadan, bazirudien gauzak parera itzuli zirela.

Argi ikusi da hegotarrek aitzinean jarraitzen dutela. Emaitza hobeak lortzen dituzte, eta errugbi erakargarriagoa egiten dute. Eraldaketaren sinboloa Argentina izan daiteke. Luzaz, Europako errugbiaren balioei jarraitu zion: aitzinean sendo zebilen, eta tantogile ona zuen. Hego hemisferioko lehiaketetan sartu denetik, baina, bere jokoa eraldatu du, eta mesede egin dio.

Hala ere, diagnosi honi ñabardurak egin behar zaizkio. Ez da ahantzi behar, final-laurdenetan Galesek oso hurbil izan zuela garaipena Hegoafrikaren aurka (23-19). Eskoziak ere, Australiari irabaztea eskura izan zuen, baina azken jokaldian Craig Joubert epailearen peto batek Australiari eman zion garaipena (35-34).

INGALATERRA ETA FRANTZIA, NORA EZEAN

Europako errugbiaren porrotaren ikur izan dira Frantzia eta Ingalaterra. Ingelesek, etxean, titulua zuten helburu. Lehen fasea pasatzea ere ez dute lortu, ordea. Frantziak, berriz, multzo errazenean suertatu izana baliatu du final-laurdenetarako sailkatzeko, baina Zeelanda Berriaren aurka astindu historikoa jaso du (62-13).

Alta, bi selekzioak izan dira historikoki Europako talderik indartsuenak. Ingalaterrak Munduko Kopa irabazi zuen 2003an, eta Frantzia hirutan iritsi da finalera (1987an, 1999an eta 2011n). Bi selekzio horiek dute potentzial handiena Europan. Diru baliabide handiak dituzte, eta federatutako haur kopuru handienak.

Ez da kasualitatea izanen porrot egin duten bi herrialdeek, errugbi profesionala futbolaren ereduan eraiki izana. Klub aberatsak eta liga indartsuak dituzte biek. Ondorioz, partida anitz jokatzen dituzte bertako jokalariek, eta selekzioarekin prestaketa egun aise gutxiago dituzte. Haien ekonomia handiek, klub profesionalei bizitzeko adina ematen diete. Baina, errugbia ez da futbola, eta selekzioen lehiak dauka indar mediatiko handiena hemen. Haien herrietan errugbiak behera egin ez dezan, autokritika egin beharko dute bi selekzio historikoek, eta haien errugbi profesionalaren antolaketa berriz pentsatu.

SELEKZIO TXIKIEN EZUSTEAK

Errugbiaren osasuna hobetuz doan seinale, lehen fasean selekzio txikiek maila ona erakutsi dute. Antzinako jipoirik ez da ikusi aurten. Kirol honetan tradizio txikiagoa duten hainbat herrik itxura ona eman dute: Georgia, Errumania, Kanada, AEBak... Japonia ere final-laurdenetan sartzear egon da, Hegoafrikari irabazi eta gero (32-34).

World Rugby, errugbiko nazioarteko federazioak ere badu zer egin errugbiak unibertsal bihurtzeko bidean segi dezan. Zazpinakako errugbia Olinpiar Jokoetan izanen da 2016an. Horrek mesede eginen dio errugbiari, hainbat herrik kirol horretan aritzeko lehen zangoa sartuko baitute.

Baina, selekzio txikiak handiekin gehiago jokaraztea ezinbestekoa da. Hego hemisferioan, Japoniak bere txokoa irabazi du Hegoafrika, Australia, Zeelanda Berria eta Argentinaren ondoan. Amerikan, AEB-ek eta Kanadak txapelketa bat sortu nahi dute Argentinarekin. Europan, berriz, Georgiari lekua egin beharko zaio Sei Nazioen Torneoan, bere gorakada berretsi dezan. Pazifikoko uharteen kasua ere lantzekoa da. Neurri horiek hartu ezean, errugbiaren garapena egonen da kolokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.