Finalerdia, kolokan

Eskuin hankako soleo giharrean zuntz haustura txiki bat du Irujok.Bihar proba egin, eta orduan erabakiko du igandean jokatuko duen edo ez

Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo, atzo, Ogetan, etziko partidarako pilotak aukeratu ondoren. JUANAN RUIZ / ARP.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Gaur-gaurkoz ez nago jokatzeko moduan». Argi hitz egin zuen atzo Juan Martinez de Irujok Gasteizen, Ogeta pilotalekuan. Aimar Olaizolaren aurkako buruz buruko txapelketako finalerdirako pilota aukeraketaren ondoren eman zuen bere egoera fisikoaren inguruko albiste txarra: «Eskuineko hankako soleo giharrean zuntz haustura txiki bat dut. Hala ere, epeak beteko ditut igandean jokatu ahal izateko».

Martinez de Irujok iragan astean sentitu zuen mina, eta astelehenean egin zituen azterketa medikoak. Erresonantzia magnetikoan ikusi zen gihar eten txiki bat duela. Finalerdia atzeratzeko eskatu die pilota enpresei, baina ezezkoa jaso du. Arauen arabera, finalerdietan ez da atzerapenik ematen. Salbuespenak egon izan dira dena den, finalaren aurreko atseden asteburua baliatuz.

Araua zorrotz aplikatzearen alde dago, eta ez dio axola berarekin horrela jokatzen badute. Hori bai, hemendik aurrera denekin irizpide bera izatea nahiko luke Irujok. «Nik urteak daramatzat atzerapenak buka daitezela eskatzen. Hemendik aurrera horrela egiten bada, eta aurrena nik izan behar badut, ados. Baina beste batzuetan atzerapenak eman dituzte nik ditudanak baino lesio froga gutxiagorekin».

Iganderako prest egoten saiatuko da. «Medikuek agintzen dutena egiten ari naiz, baina gauzak ezin dira atzoko egin». Amorru pixka bat ere badu Iberokoak, buruz burukora sasoian heldu dela uste baitu. Bihar egingo du azken proba, eta horren arabera erabakiko du jokatu edo ez. «Jokatzea erabakitzen badut, gutxieneko bermearekin izango da. Hori bai, ez dakit sasoi betean bukatu ahal izango dudan».

Eztabaida pilotekin

Martinez de Irujoren lesioak ez ezik, pilotek ere eman zuten zeresana. Iberokoak Asegarceren pilotak probatu zituenean, bote oso handia egiten zutela iruditu zitzaion. Iberokoak normalean ez du piloten inguruan hitz egiten partida bukatu arte, baina atzo ez zion kosk egin mingainari: «Zuek ikusi duzue [kazetariei esan zitzaien]; niri ez galdetu. Zazpian botea eman, eta errebotean jo dute». Martinez de Irujori askotan egotzi diote pilota biziegiak aukeratzen dituela. Berari horrelakoak gustatu izan zaizkio, baina hainbatetan ez dute pasatu pilota hautatzailearen galbahea. «Pilota biziak atera nahi badituzte, atera ditzatela. Baina ez da normala: nik horrelakoak atera ditudanean kendu egin dizkidatelako».

Olaizola, berriz, pozik gelditu zen hautuarekin, eta ez zuen kexarik izan. Horrez gain, sasoiko ikusi du bere burua azken bi asteetan. «Ni orain ongi nago, baina igandean egon behar dut ongi». Hala ere, buruz burukoan gauza berririk ez dagoela esan du. «Ongi sakatu, aurrea hartu eta, ahal izanez gero, bukatu. Hemen ez dago sekreturik. Gero, kantxan egin behar da hori».

Partida jokatzen bada, Ogeta lepo beteko da. Partidak ikusmin handia sortu du, eta sarrera garestienak ere saldu dira. Bi urte ziren ez zutela elkarrekin jokatzen buruz burukoa. Orduan, Olaizolak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.