Ametsa hezurmamitzeko ordua

Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du gaur, Bartzelonaren aurka. Jokalariak «oso motibatuta» eta «anbizioz beterik» daudela nabarmendu du zuri-gorrien teknikariak

Athleticeko jokalariak, atzo, Superkopako finalaren aurretik egindako azken entrenamenduan. MANUEL VIDAL / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bizi ametsa. Horrela dio Athleticek azken denboraldietan bere egin duen esloganak. Gaur, ametsari forma eman eta egia bilakatzeko aukera izango dute zuri-gorriek, Espainiako Superkopako finalean. Aspaldiko ezagun bat izango dute aurkari: Bartzelona. Ez da arerio erraza, baina partida bakar batean edozer gerta daiteke. Urteko lehen titulu eta ametsetik 90 minutu eskasera dago Bizkaiko taldea.

Konfiantzaz gainezka iritsi dira bi taldeak gaurko partidara. Zuri-gorriak Real Madril kanporatzetik datoz: espainiarrei 2-1 irabazi zieten osteguneko finalerdian. Azken hamabost minutuetan sufritu egin bazuten ere, zuri-gorriak partidan nagusi izan ziren, eta guztiz merezita sailkatu dira. Finaleko aurkariak ez dio beldurrik ematen Iñaki Williamsi: «Ez dizkigute gauzak erraz jarriko. Baina gu Real Madril kanporatzetik gatoz, eta finala irabaziz gero balentria izugarria osa dezakegu. Gu, gainera, mendean hartzeko oso talde zaila gara».

Bartzelonak, futbol alorrean denboraldiko garairik gozoenean egon arren, Athleticek baino dezente gehiago izerditu zuen finalerako sailkapena eskuratzeko. Penaltietan gailendu ziren katalanak Realaren aurka, 120 minutu baino gehiago iraun zituen partida zirraragarri batean. Ronald Koemanen taldeak egun bat lehenago jokatu zuen bere finalerdia, asteazkenean, baina partidaren exijentzia fisikoa nabarmen handiagoa izan zen. Leo Messik, gihar arazo batzuk zituela medio, ez zuen jokatu txuri-urdinen kontra. Ematen duenez, gaur lehiatzeko prest egongo da Bartzelonako izarra.

Orain dela aste eta erdi jokatu zuten elkarren aurka gaueko bi finalistek, Bilbon jokatu zen ligako partidan. Bisitariak hiru puntuak poltsikoratuta atera ziren San Mamesetik, etxeko taldeari 2-3 nagusituta. Hura Marcelino Garciaren estreinako partida izan zen Athleticeko entrenatzaile modura. Hiru partida besterik ez daramatza teknikari espainiarrak, eta bigarrengoz neurtuko ditu indarrak Koemanen taldearen aurka.

Protagonista berberak, baina testuinguru guztiz ezberdina. Finala da gaurkoa, eta finalek ez dute zerikusirik izaten gainontzeko partidekin. Bartzelonako entrenatzaileak ez bezalaxe, Marcelinok garrantzi handia ematen dio Superkopa irabazteari: «Bartzelonak Athleticek baino aukera gehiago ditu titulu bat irabazteko. Hori dela eta, guk gure aukera apurrak baliatu behar ditugu. Ahal dugun guztia egingo dugu titulu hau irabazteko».

Garaikurra lortzeko, teknikari espainiarrak taldeko jokalari guztiak izango ditu eskura; Iñaki Williamsek, Dani Garciak eta Iker Muniainek azken egunetan arazo fisikoak izan badituzte ere, atzo normal entrenatu ziren.

Superkopako klasiko bat

Ez da lehenengo aldia Bartzelonak eta Athleticek Espainiako Superkopako finala elkarren aurka jokatzen dutela. Azkenekoa 2015-2016 denboraldian izan zen, eta zuri-gorriak izan ziren nagusi. Orduan, bi partidatara jokatzen zen, eta bizkaitarrek finala erabakita utzi zuten lehen partidan, San Mamesen 4 eta 0 gailenduta. Bost urte geroago, berriro ere Bartzelonako jokalarien begiradapean, titulua altxatzeko beta izango dute zuri-gorriek.

BARTZELONA - ATHLETIC
Bartzelona. Ter Stegen; Alba, Lenglet, Araujo, Mingueza; De Jong, Busquets; Pedri, Griezmann, Dembele; eta Messi.
Athletic. Unai Simon; Balentziaga, Iñigo Martinez, Nuñez, Capa; Dani Garcia, Unai Vencedor, Iker Muniain, Oscar de Marcos; Raul Garcia eta Iñaki Williams.
Epailea. Jesus Gil Manzano.
Lekua. La Cartuja estadio
Ordua. 21:00 (Vamos).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.