Tradizioaren iraultzaile klasikoa

Musika klasikoaren kutsu erromantikoan eta harmoniotsuan oinarrituta sonoritate berriei erreparatu zien lehen konpositorea izan zen Claude Debussy. Orain 100 urte hil zen.

Maider Galardi
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Tradizioaren iraultzaile izan zen Claude Debussy musikagilea (Saint-Germain-en-Laye, Frantzia, 1862-Paris 1918). Ez zen familia aberats batean jaio, gaztetatik musika akademiak jarritako mugetatik ihes egin zuen, eta, Europako musika klasikoaz gain, Errusiako moda berriak ezagutu zituen. Inondik ere, ordura arteko musika klasikoaren molde ortodoxoetatik aldendu zen: doinuak sortzeko tonu eta kolore berriei erreparatu zien, eta, berak hala izendatu ez arren, musika inpresionistaren sortzaileetako bat izan zen. «Musika berriaren sortzailea dugu Debussy», esan zuen Manuel de Falla musikagile ezagunak. Iraultzaile izanagatik, ordea, klasikoa da Debussy, eta hainbat musikarik egin dute haren Ilargiaren argia obra ezagunaren bertsioa. Tradizioarekin hautsi zuen, eta musikaren tradizio berri bat sortu; haren lana aski ezaguna da gaur egun ere. Igandean beteko dira 100 urte konpositorea hil zela.

«Harro zegoen artista menderakaitza izateaz», gogora ekarridu Arkaitz Mendoza musika kritikariak. Izan ere, ordura arte Europako musika akademiak ezarritako eskemak eta moldeak hautsi zituen lehen artista izan zen: «Haren musika lanak espresiobide berriak izan ziren: kolore eta soinu hegalariak eta pisu bakuneko melodiak sortu zituen». Bide hori egitea eta garai hartako musika giroan lekua topatzea, ordea, ez zen erraza izan artistarentzat, eta klasikoaren eta berritzailearen artean jauzian aritu zen hainbat urtez estilo propioa osatu eta orduko kritikariek onetsi zuten arte.

Gaztetatik sentitu zituen estu orduko musika klasikoaren mugak. 10 urterekin lortu zuen Parisko kontserbatorioan sartzea, baina diziplina ezak eta sortzeko prozesu hertsiek ez zioten utzi nahi besteko bilakaera izaten. Pianoa jotzen ez zuen inolako errekonozimendurik izan, eta konposizio lanetan ere ausardia handiegia leporatu izan zioten orduan irakasle zituen hainbatek, hala nola Ernest Guiraudek.

18 urte bete berritan, ordea, Von Meck familia ezagutu zuen, 1880an. Errusiako familia dirudun bat zen, eta eskatu zioten udako bidaietan pianista gisa laguntzeko. Hala ezagutu zituen Errusiako musika joerak, Richard Wagnerren estiloa eta Ekialdeko musikaren tradizioa. Horrek erabateko eragina izan zuen Debussyren musika estiloan, Mendozaren ustez: «Wagnerren kromatismoa, Modest Mussorgski eta Nikolai Rimski-Korsakov errusiarren funtzionaltasun eza... agerian daude haren musika orrietan». Jakintza hori guztia nola egokitu Parisko musika girora, horixe izan zuen ondorengo urteetan erronka nagusia.

Hain justu, 1884rako idatzi zuen obra nagusietako bat, Haur miraria. Eta horrekin, Erromako Saria lortu zuen: hiru urtez Erromako Medici etxean sortzeko aukera eskuratu zuen. Baina zurrunegiak ziren eskatutako baldintzak, eta bertan behera utzi zuen egonaldia hasi eta urtebetera. Garai hartan apenas idatzi zuen orkestrarako, eta batik bat garai hartako poeten olerkiei musika jartzea izan zuen ogibide, harik eta Parisko Erakusketa Unibertsala izan zen arte, 1890ean.

Garai hartako hainbat artista, zientzialari eta pentsalarirentzat, mugarria izan zen erakusketa. Gainera, giro propio bat sortu zen Parisen, eta erabatekoa izan zen testuinguru horrek Debussyren musikan izandako eragina. Hala ekin zion musikan ere ildo inpresionista lantzeari.

Musikaren bohemioa

«Nabari da poeta sinbolistekin zuen hurbiltasuna, eta erreferentzia bisualetan oinarritu zen garai hartako artista inpresionistekin.Claude Moneten eta Pierre-Auguste Renoirren obrak izan zituen inspirazio iturri», azpimarratu du Mendozak. Ondorioz, erabat aldatu zuen ordura arte musika egiteko zegoen joera. Akordeek noten artean zubi lana egiteko duten funtzioa alboratuta, doinu horiek eskaintzen duten kolorea baliatu zuen obrak eratzeko: «Teknikoki eskala tonala osotasunean erabiltzen lehena izan zen», azaldu du Mendozak; «akordeak kolore eta efektu iraultzaile batekin jantzi zituen».

Musika klasikoaren tradizio erromantiko eta harmoniotsutik abiatuta lortu zuen Debussyk musika klasikoa doinu modernoagoetara eramatea, baina ez zuen bere egin musika inpresionistaren aitzindariaren izendapena. Honela ohartarazi du Mendozak: «Ez zuen bere obra joera inpresionistarekin definitu nahi izan, errealistatzat ikusten baitzuen bere lana». Errealista bai, baina errealitate berriak sortzeko asmoa zuen etengabe musikagileak.

Bestalde, Debussyk harreman zuzena izan zuen garai hartako mugimendu bohemioko kideekin, eta horrek aukera eman zion ordura arte idatziak zituen hainbat lan ezagutarazteko. Esaterako, orduan estreinatu zituen Fauno baten biaoaren preludioa orkestra txikirako obra eta Peleas eta Melisande opera. Ez ziren oharkabean pasatu lan horiek ere. Orduko kritikariek « iraultzaile eta erradikal» izendatu zuten opera, eta hasieran ez zuen aparteko arrakastarik lortu. Edonola ere, mugarriak izan ziren lan horiek Debussyren ibilbidean, eta gaur egun ere klasikotzat hartzen dira. Azken konposizio horien eragina nabarmena da, esaterako, Maurice Ravel musikagilearen obretan.

Batzuen aitortzaren eta besteen kritiken artean, bizkortu egin zuen Debussyk sortze lana, eta XX. mendea hasi berritan hainbat obra utzi zituen idatzita. Ordurako, ordea, gaixo zegoen, eta, osasun arazoekin urte luzez ibilita, 1919an hil zen. Europako musika klasikoaren egitura zurrunak hautsi zituen Debussyk, eta lortu zuen musikaren tradizio berri bati bidea irekitzea: «Musikagile iraultzailea izan zen», argi du Mendozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.