Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Zuzentasuna eta oreka

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'El suplente'



Zuzendaria: Diego Lerman. Aktoreak: Juan Minujin, Barbara Lennie, Alfredo Castro, Maria Merlino, Lucas Arrua, Rita Cortese. Herrialdea: Argentina.Iraupena: 110 minutu.

Hiriaren periferiako ikastetxe batera literatura eskolak ematera joan, eta ikasketetan batere interesik ez duten gazteen konfiantza lortzen duen literatura irakasle baten istorioa da Diego Lermanen El suplente, baina hori esanda burura etortzen diren Frantziako erreferenteek baino eremu ilunagoak ibiltzen ditu, polizia generoa, literatura eskoletan bezala, filmean bertan sartzen denean.

Lucio irakaslea (Juan Minujin) banandu berri da, alaba urrunduta sumatzen du, eta bere karrera literarioa geldirik dago aspaldi; nahiago luke unibertsitatean eskolak ematen aritu, baina ikasi beharko du gazteei Juan Gelmanen poemak irakurtzea baino baliagarriagoa dela haiei begiratzen eta haiek ulertzen ikastea, bere burua salbatu nahi baldin badu —«inor ez da bakarrik salbatzen», errepikatzen dio aitak—.

Pelikulak oin bat drama familiarrean du —alabarekin duen harremanak badu mamia; Barbara Lennieren pertsonaia gehiago aprobetxatzeko modukoa da—, eta bestea thrillerrean, nahiz eta bigarren zatian oreka galdu eta baldar samar ibiliko den narkoekin lotutako istorioen eta aitaren heriotzaren artean. Lermanek kontu handiz prestatu du oinarria, haren zinemak beti duelako salaketatik eta asmo onetik, baina zaila da denekin justua izan nahi duen kontakizun batek erabat asebetetzea.

Gidoian kontatutako bideak eta kontraesanak modu berezian islatu ditu Lermanek iruditan, konposizio iradokitzaileekin eta plano luzeekin. Wojciech Staron argazki zuzendariarekin aritu da —Refugiado-n ere bai (2014)—, eta berriro nahasi dituzte pertsonaien barne paisaiak beren ingurukoekin, kristaletako islak erabiliz, norberak eta besteek bat egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.