Euskal gazteak elkar hartuta

Elkarrengandik ikasteko eta hausnartzeko topaguneak behar dituzte gazteek; hori ondorioztatu dute Segurako Iparra Hegoa topaketan egindako gogoetetan.

Gazteen arteko topaguneei buruzko mahai ingurua egin zuten, asteazkenean, Seguran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Herri bat sortzeko elkar ezagutzea behar-beharrezkoa da». Hori uste du Eñaut Arretxe Segurako gazteak. Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen topaguneak sortzeko beharra identifikatu dute Iparra Hegoa topaketan. Elkar ezagutzeaz gain, kezkak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko tokiak izan behar dute gune horiek. Kezka berberak baitituzte, funtsean: prekaritatea, euskal nortasuna, hezkuntza eta etxebizitza, besteak beste. Horiei ekiteko militantzia eredua eta borroka tresnak aldatu egin dira azkenurteetan.

Euskal gazteez, euren kezkez eta gazte mugimenduaz hausnartzen ari dira Seguran (Gipuzkoa) egunotan, Iparra Hegoa egitasmoaren barruan. Gazteak Euskal Herrian gaiaren inguruan antolatutako mahai inguruetan hartu dute parte Peio Jorajuriak (Azkaine, Lapurdi), Argitxu Etxandik(Izpura, Nafarroa Beherea) eta Eñaut Arretxek. Festaz gain, hausnarketarako espazioak ere bai baititu Iparra Hegoak. Kontzientzia soziopolitikoa izan du aztergai lehenak, gazteen arteko topaguneak, berriz, beste biek. Gaur ere izango da gogoetarako aukera, Euskal Herriko gazteen topaketa egingo baitute. Bihar izango da egun nagusia. Urteroko gereziondoaren ekitaldia egingo dute, herri bazkariaren aurretik. Kale animaziorik ere ez da faltako egun osoan.

Hamaika kezka partekatzen dituzte euskal gazteek. Jorajuriaren ustez, kezka horiek ez dira askorik aldatu azken urteotan, estrategia edo tresnak egokitu diren arren. Prekaritatea azpimarratu dute hirurek, besteak beste; baita hezkuntza, hizkuntza, etxebizitza, lurraldetasuna eta euskal nortasunaren bueltako kezkak ere. Etxandik Garapen Kontseiluak Ipar Euskal Herrian 2009an egindako diagnostiko bat ekarri du gogora; populazio gaztearen galera eta gazteek lan munduan sartzeko duten zailtasuna identifikatu zituen, besteak beste. Arretxek esan duenez, «gazteen kezkak mantendu arren, borroka batzuek lehentasuna hartu dute beste batzuen aldean; feminismoak masa soziala irabazi du».

Testuingurura egokituz

Etxandik azaldu duenez, gazteen parte hartzea murritza da erabaki guneetan eta bizitza publikoan, hainbat ikerketaren arabera. Haien ustez, «oro har, gazteek ez dute bozkatzen eta ez dira alderdi politikoetan jardutera konprometitzen». Ordea, euskal gazteriak badu indargunerik, Etxandiren iritziz; iniziatiba eta ideia berritzaileak baititu. «Euskara bera ere indargunea izan daiteke, guztiok dugun hizkuntza komuna baita», adierazi du. Arretxeren ustez, euskal gazteria «mugitzen den gazteria» da, garai berrietara moldatzen dakiena. Jorajuriak azaldu duenez, berriz, gazteen kontzientzia politiko eta soziala aldatu egin da azken urteotan, testuingurua eta gizartea bera aldatzearen ondorioz.

Gazteei eragiten dieten kezkak partekatzeko eta lantzeko topaguneak sortu behar direla uste du Arretxek. Bat dator Etxandi ere: «Elkarrekin hausnartzeko eta elkarrekin pentsatzeko tresnak falta dira». Saretze hori beharrezkoa ikusten du instituzioetan; baina herritik bertatik sortutako proiektuek dute garrantzi handiena; haren iritziz. «Unibertsitatea izan daiteke topatzeko esparruetako bat, elkargune ohikoa eta naturala baita gazteentzat», gaineratu du.

Euskal gazteen topagune ugari daude jadanik martxan, Etxandiren ustez; Euskarabentura egitasmoa aipatu du adibide modura. Euskal Herri osoko 16-17 urteko gazteentzako espedizioa da.Aurtengo udan egingo dute, Euskal Herriko Donejakue bideetan barrena.

Iparra Hegoa egitasmoa bera ere topagune gisa ulertzen dute gazteek. Azken urteetan, gainera, gazteen parte hartzea areagotu egin da, eta gazte eguna antolatzen dute larunbatean. Arretxek azaldu duenez, «harreman jarraituaren falta» sumatu zuen Segurako Gazte Asanbladak duela bost urte Iparra Hegoan. Horri erantzuteko asmoz hasi ziren gazte eguna antolatzen. Euskal Herriko hainbat herritako gazteak gonbidatzen dituzte. Gaur da, hain justu, gazte eguna. Jardunaldiak egingo dituzte goizean, gazteen kezkak gaitzat hartuta.

Ipar eta Hego Euskal Herriak elkarrengandik ikasteko aukera azpimarratu du Jorajuriak; «Ongi baliatzen baditugu bakoitzaren indarrak, gai gara bata bestearengandik elikatzeko». Etxandik, berriz, Zuberoako Azia Elkartea aipatu du adibide gisa; arlo sozioekonomikoan lan egiten du elkarteak, tokiko gazteak bertan bizitzen geratzeko xedez. GALT Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea jarri du martxan Aziak: «Bazkideek euren dirua jartzen dute, eta beste gazte batzuei uzten diete, euren enpresa sortzeko». Beste leku batzuetan ere erabilgarria izan daitekeela adierazi du Etxandik.

Azken urteotan militantzia eredua aldatu egin dela argi du Jorajuriak. Demo mugimenduko kidea izan zen hura. 2000. urtetik 2010era egin zuen bere jarduna Ipar Euskal Herriko mugimendu horrek. Hiru aldarrikapen zituen: Iparraldearen instituzionalizazioa, euskararen normalizazioa eta euskal preso politikoen hurbiltzea. ETAk borroka armatua uzteak militantzia ereduan eragina izan du, azkaindarraren iritziz;«borroka armatuaren erabilerak klandestinitatea eskatzen baitzuen ezinbestean». Bere belaunaldiko gazteei fisikoki elkartzea ezinbestekoa zitzaiela azaldu du Jorajuriak, erabakiak hartzeko, eztabaidatzeko... Hori aldatu egin dela uste du.

Arretxek esan duenez, berriz, gatazka erlaxatu egin da azken urteetan; «Lehen berehalako erantzuna eskatzen zuten zenbait ekintza ez ditu horren presente egun euskal gazteriak». Etxandiren ustez, beharrezkoa da gazteen parte hartzea egungo testuinguru politikoan: «Horrelakoetan, munduan, sortu izan dira hainbat tresna, Egiaren Batzordeak-eta. Horietan gazteei tokirik eskaintzen ez bazaie, nekez funtziona dezakete».

Gazteen borroka moldeak aldatu direla esatean ere bat datoz hirurak. Jorajuriak azaldu duenez, «Desobedientzia zibila eta indarkeriarik eza» zituzten arma demoek, eta umorea baliatu zuten euren aldarrikapenetarako; Irria hortzak erakusteko manera hoberena lema ekarri du gogora. Ez ziren lehenak izan borroka tresna horiek erabiltzen, ezta bakarrak ere. Hala ere, neurri batean, egungo gazte mugimenduaren borroka molde berrien aitzindari izan direla uste du azkaindarrak. Arretxeren ustez, borroka moldeak aldatu direla ukaezina da; «Molde berriak bilatzen ari da gazte mugimendua». Etxandik azaldu duenez, sare sozialak eta ikus-entzunezko teknologiak ere tresna gisa erabil daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.