Jaiotza tasa. Datuen azterketa

JAIOTZAK, GEROARI SO

Beheranzko joera irauli ezinik dago Euskal Herriko jaiotza tasa. Europako tasa baxuenetakoa da: %8,8. Biztanleria galtzen hasiko da Euskal Herria datozen urteetan. Zahartze demografikoa oso nabarmena da. Erronka berriak daude mahai gainean. Eta galderak.

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko urriak 15
Biztanleria galduko du Euskal Herriak datozen urteetan. 90.000 biztanle gutxiago izango dira 2030ean, Gaindegiak egindako iragarpenek diotenez. Biztanle gutxiago, eta zaharragoak: Europako zahartze tasa handienetakoa du Euskal Herriak. Zahartzen ari den gizarte horretan, nabarmena da jaiotza tasa baxua, Europako txikienetakoa. Tasa %10 da Europan, eta Euskal Herrian, %8,8. Jaiotza tasa horrekin nolako etorkizuna datorren, kezka sortu ohi da maiz; besteak beste, ongizate ereduaren finantzaketari lotuta —bereziki, pentsioei—. Galdera gehiago ere badaude mahai gainean, baina. Finean, nolako gizarte eredua eraikitzen ari den.

Hiru milioi biztanleren langa 2007an igaro zuen Euskal Herriak, eta goitik egon da ordutik. Iragarpenen arabera, 2030ean ere hala egongo da, baina justu —7.000 herritar goitik—. Oraingo aldean, %4 biztanle gutxiago izango dira. Nolanahi ere, jaitsiera horri ez ezik, komeni da erreparatzea aurreko gorakadari ere: 1950-1981 artean, adibidez, %75 handitu zen Euskal Herriko biztanleria —1,6 milioitik 2,9 milioira—. %20tik gorako jaiotza tasak izan ziren urte horietan.

Beste bat da orain panorama: ez dago horrelako jaiotza tasarik, eta beherantz hasiko da biztanleria. 2030erako iragarpenen arabera, pisu txikiagoa izango dute umeek —18 urtez beherakoak %17 izango dira—, eta edadekoek, handiagoa —65 urtetik gorakoak, %21—. Ekonomisten artean ezinegon handia sortzen dute horrelako zenbakiek. «Maila askotan da kezkatzekoa jaiotza tasa. Lan merkatuarentzat ez ezik, gizartearentzat ere bai: gizarte zahartuak ez du berritzen, ez du arriskatzen. Gehiago kezkatzen da pentsioekin, produktiboki garatua izatearekin baino». Sara de la Rica Ekonomiako katedradunak egin du gogoeta hori.

Aurreko goraldia

Gisa horretako kezkak ez dira berriak. «Demografiarekin lotutako gauza guztiak iruditzen zaizkigu kezkagarriak», ohartarazi du Marta Luxan demografoak. Ez du uste jaiotza tasaren egoera larritzekoa denik. «Kezkagarria izan daiteke guraso izan nahi dutenek ezin izatea». Eskubideei begiratu die Unai Martin demografoak ere: «Ikerketa batzuen arabera, denek ez dute nahi adinako ugalkortasunik. Hori da jaiotzaren arazo nagusia: eskubide arazoa».

Badute azalpena datuek. Atzera begira jarri da Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea. Bi gako eman ditu. Batetik, frankismo garaia: «Industrializazio eta lurralde antolamendu fase gogor bat bizi izan genuen. Horrek hazkunde ezohikoa ekarri zuen, eta gure demografiak ez du gaitasunik hazkunde induzitu horren pare jartzeko». Bestetik, krisiak: «1980ko hamarkadako krisiak kalte sozial handia eragin zuen, eta orduko bikoteen ugaltze plana zapuztu». Asko jaitsi zen jaiotza tasa. «2008ko zartakoaren ondoren antzeko egoera bizi dugu». Azaldu du egoera desberdina dela Hegoaldean eta Iparraldean: Ipar Euskal Herrian «beste sentsibilitate bat» izan dela gizarte politiketan, eta egoera desberdina dela.

Datuei begiratu die Luxanek ere. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan nabarmen handitu zen biztanleria. «Baby boom garaiko belaunaldia oso zabala da. Ugaltze adinetik irteten ari dira, eta horrek esan nahi du jende gutxiago dagoela ugaltze adinean. Beraz, normala da jaiotza tasa jaistea». Areago, alde horretatik begiratuta, jaiotza tasa jaitsi egingo da datozen urteetan ere, iragarpenek baitiote ugaltze adinean emakume gutxiago egongo direla. Ugaltzeko adin gisa 15-49 urteko tartea hartzen dute demografian, eta horri begiratuta, hara: 2000n, emakumeen %50 zeuden adin tarte horretan; 2015ean, %42; eta 2030ean %36 espero dituzte. Sorgin gurpila da. Martin: «Espirala sor daiteke: jaiotza gutxiago, pertsona gutxiago umeak izateko adinean, eta are jaiotza gutxiago».

Ugaltze tasa

Izatez, Luxanen iritziz, jaiotza tasa «adierazle orokorregia» da. «Jaiotza tasa berberarekin egoera desberdinak izan daitezke». Zer adierazten du jaiotza tasak? Mila biztanleko zenbat ume jaio diren urtebetean. «Ugaltze tasari begiratuta, beste argazki bat genuke». Ugaltze tasak neurtzen du urtebetean zenbat haur jaio diren ama izateko adinean dauden mila emakumeko —15-49 urteko andreak hartzen dituzte—.

Jaiotza tasa udalerriz udalerri begiratuta, nabari da eremu batzuetan tasa apalak dituztela, Euskal Herriko batezbestekoa baino apalagoak, batik bat mendialdean: Xiberoa herri elkargoan (%7), Irunberrialdean (%5,1), Arabako Mendialdean (%4,7)... «Dena dela, hainbat eskualde eta udalerritan ugaltze tasa oso aipagarriak dituzte», erantzun du Esnaolak. «Arazoa ez dago, beraz, hor, desoreka eragiten duen antolamenduan baizik». Gaindegiako arduradunaren esanetan, kostaldea eta hiriburuak indartu dira, «gainerako eskualdeen kalterako». Nafarroan nabarmena da hori. «Estrategia horrekin oso zaila da eskualde periferikoek metabolismo osasuntsua izatea, besteak beste, biztanle gazteak eta trebatuak galtzen dituztelako». Hots, arazoa gehiago dela guraso izateko adinean jende gutxi egotea, eta ez haiek ume gutxi izatea.

Hiriburuen artean, Bilbo Handiko egoera da nabarmentzekoa: %7,7ko jaiotza tasa du, Euskal Herrikoa baino puntu bat txikiagoa.

Adin piramideari begira

Egoera demografikoaren desoreka islatzen du adin piramideak. Euskal Herrikoari begiratuta, galdua du piramide itxura, inguruko beste herrialde gehienenek bezala. Adin talde jendetsuenak 35-50 urtekoak dira, eta adinekoek pisu handiagoa dute; umeek, gero eta ahulagoa. Piramide itxura galtzea ona dela uste du Martinek. «Piramidea ez litzateke ona: esan nahiko luke heriotza asko leudekeela, pertsonak ez liratekeela zahartzarora iritsiko, eta ume asko izan beharko genituzkeela, asko heldu izaterako hilko liratekeelako. Antzinako egoera da. Horregatik krisi demografikoa aipatzea ere...».

Piramidea desitxuratu izanak eragiten du kezka adin ordezkapenari begira. «Agerikoa da orain erretiroa hartzera doan belaunaldia ez dagoela ordezkatzerik biztanleriaren hazkunde naturalarekin. Ezinezkoa da», aitortu du Esnaolak. Lan merkatuan langile eskasia izango dela aurreratu du De la Ricak: «Hemendik hamar urte baino gutxiagora, askoz txikiagoa izango da langabeziaren arazoa, batez ere pertsona eskasiagatik. Beste leku batzuetatik etorri beharko dute». Espero izatekoa zen, Martinen ustez: «Baby boom-ean jaiotza handitu zen, eta gero, jaitsi. Erretiratuko direnen kopurua ez dute konpentsatuko lan merkatuan sartuko direnek».

Ikusteko dago nola moldatuko den merkatua bera. Esnaola: «Ez dakigu lan merkatua nola aldatuko den, orain egiten duguna egiteko beharrik izango den ala jarduera eraginkorragoak egiteko aukera izanez gero norantz joko duen». Ohar egin du, nolanahi ere: «Demografia ezin da arazo izan. Burujabetasunetik asmatuko dugu geure buruari neurria hartzen».

Demografia eta lan merkatua lotzean «argudio sinpleegiak» erabiltzen direla uste du Luxanek. «Gauza bat da adin egitura, eta beste bat, lan merkatuarekin dugun harremana. 25-40 urterekin langabezian daude asko. Gainera, enpleguaz haragoko lanak ere behar dira gizartea sostengatzeko». Ez du uste zuzeneko loturak egin daitezkeenik: «Gezurra da erretiratuek ez dutela ekarpenik egiten, eta enplegu adinean dauden guztiek ez daukate lanposturik».

De la Ricak sumatzen du huts bat lan merkatuaren eta jaiotzaren artean: amen tokia. «Eskulan oso baliozkoa da, eta ahalegina egin behar da lan merkatuan erabat parte har dezaten, gizonek bezalaxe. Erantzukidetasun partekatua eskatzen du horrek, eta kontziliazioaren aldeko apustua».

Erretiroaren ondoren?

Ordezkapen arazoen harira, ongizate ereduaren bideragarritasunaz hitz egiten dute: ez dela bideragarria. Pentsioen gaiak hartu ohi du tokia. De la Rica: «Banaketa sistema bat da: lan egin eta kotizatzen dutenek ordaintzen dituzte pentsioak. Lanean gutxiago ari badira, sistema ez da jasangarria». Pentsioak arriskuan daude, beraz? «Ez du esan nahi desagertuko direnik, baizik eta sistema defizitarioa dela, eta beste era batzuetara finantzatu beharko dela. Aurrekontu orokorretatik finantzatzeak arazoa dakar: beste gastu batzuei uko egin beharko zaiela».

Biztanle jaitsierak, berez, ez dio zertan kalte egin ongizateari, Esnaolak dioenez: «Biztanle gutxiago izateak aukera handiagoa dakar herritarrak artatzeko». Dirua da arazoa. «Adineko gehiago, lan errenta gutxiago zergak ordaintzeko, balio erantsi handiko enpresen galera... Bai, kasu horretan, finantzaketa arazoak izan litezke, baina horiek ez dira ugaltzeari lotutako auziak». Bestelako erabakiak direla uste du. «Ongizate politikak ugaltzearekin lotzea oinarrizko elementuak ezkutatzea da». Ados da Luxan: «Ongizate eredua arriskuan dago beste faktore batzuengatik; haiek dute eragina populazioa jaistean». Martin: «Zentzugabea da esatea arazoa jaiotza dela, ikusita gazteen langabezia eta prekaritatea. Jaiotza gehiago, zertarako?».

Biztanleriaren egitura aldatzen ari dela, aztergai daude bestelako auzi batzuk: zaintza, adibidez. Zahartzea nabarmena da: 2000-2030 artean, bikoiztu egingo da 80 urtez gorakoen portzentajea; 100 urtetik gorako 1.200 lagun daude. Zaintza noren bizkar dagoen, gogoeta eskatu du Luxanek: «Sandwich belaunaldia dago hor: bilobak zaintzen dituzte, eta gurasoak edo osaba-izebak ere bai. Emakumeei eragiten die bereziki».

Biztanleriaren egoerari erreparatzeko, immigrazioa kontuan hartu behar da. Jaiotzak gehiago jaistea eragotzi du. «Bi aldiz eragiten du immigrazioak biztanlerian: batetik, migratzaileek eurek; bestetik, gazteak direnez, haien umeek», adierazi du Luxanek. Martinek gehitu du «beste jaiotza eredu batzuk» izaten dituztela, ume gehiago edukitzeko joera. Lan merkatuak nahitaezko izango du immigrazioa, De la Ricaren esanetan.

Migrazioak izango direla, ados dago Esnaola. «Eta beharrezkoak izango dira hainbat lurraldetako metabolismo demografikoa orekatzeko edo jarduera ekonomikoak mantentzeko». Mahai gainean jarri du nola banatuko den hori: «Zenbat gazte joango dira bizitza proiektua egitera demografia ahuleko eskualdeetara? Zenbat enplegu kualifikatua eskaintzen duten eskualdeetara? Migrazioak beharko dira, bai, baina eraikitzen dugun ereduaren araberako sintesia lortuko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna