Albistea entzun

Europako Batasuna

Lur arraroak, energia trantsiziorako ezinbesteko osagaiak

Jokin Sagarzazu -

2023ko martxoak 15

Lur arraroen multzoko mineralak ekonomia berdearen eta komunikazio teknologia berrien garapenaren lehengai nagusiak dira.

Ikusi gehiago: Lehengaien kluba, Txinaren monopolioa amaitzeko

Zer dira lehengai kritikoak?

Industriarentzat ezinbestekoak diren 27 lehengai. EBk dio arreta berezia behar dutela, hornidura arazoek ekarriko luketen arrisku ekonomikoagatik. Material horiek funtsezkoak dira tradizio handiko industrian batzuetan, metalgintzan esaterako. Eta funtsezkoak dira teknologia berrietan. Zerrenda horretan daude 26 lehengai: adibidez, litioa, kobaltoa, nikela eta titanioa. Baita lur arraroak deiturikoak ere.

Zer dira lur arraroak?

Lur arraroena hamazazpi elementu kimikoz osatutako talde bat da: eskandioa, itrioa, eta lantanidoen taldeko hamabostak. Ez dira lurrak, baina hala deitzen zaie lurrazalean beste elementu batzuekin nahastuta agertzen direlako, ezohikoak diren mineraletan, eta bereizteko edo prozesatzeko oso zailak direlako.

Zertarako erabiltzen dira lur arraroak?

Aplikazio aukera zabala dute metalgintzan —aleazio bereziak egiteko—, industria kimikoan, autogintzan, elektronikan... Funtsezkoak dira teknologia berrietan. Itrioa LED pantailak eta laserrak fabrikatzeko erabiltzen dute; lantanoa, baterietan, katalizatzaileetan eta beira optikoetan. Neodimioa da motor elektrikoetarako eta turbina eolikoetarako imanen elementurik garrantzitsuena. Gainera, praseodimioa, europioa, gadolinioa, disprosioa eta gisa horretako beste elementu batzuk ere oinarrizkoak dira hainbat aplikazio teknologikotan.

Non daude erreserba handienak?

Erreserbak eta produkzioa bereizi behar dira. Bruselak zehaztutako 27 lehengai kritikoetatik hemeretzitan, Txina da munduko ekoizlerik handiena. Lurralde askotatik lortzen ditu lehengai horiek, eta hark prozesatzen ditu gero, Europan eta beste leku askotan saltzeko. Lur arraroei dagokienez, adibidez, hark du munduko produkzioaren %86. Gainera, erreserba handia ere badu: munduko %44. Erreserba garrantzitsuak dituzten beste herrialde batzuk daude: Vietnam, Brasil, Errusia, AEBak, Australia eta India. Europako Batzordeak kalkulatu du lehengai kritikoen erreserba ugari daudela esplotatu gabe, Afrikan bereziki, eta Europan ere horien bilaketa bultzatu behar dela dio. Adibidez, Europan, uste da Suediak izan dezakeela lur arraroen erreserba handiena, herrialdearen iparraldean; hala jakinarazi zuen LKAB meatze konpainiak urtarrilean.

EBk zenbateko menpekotasuna du inportazioekiko?

27 lehengai kritikoetatik hamalautan, %100eko menpekotasuna du, eta beste bostetan, %80tik gorakoa. Metaletan, %75 eta %100 artekoa da. Lur arraroen %98 Txinatik datoz. Behar duen boratoaren %98 Turkiatik ekartzen du —beiraren industrian funtsezkoa da boratoa, eta nekazaritzako ongarrietarako—. Hegoafrikatik dator platinoaren eta platinoaren taldeko metalen %70 eta %90 artean: iridioa, rodioa eta errutenioa —bereziki katalizatzaile kimikoak egitekoa erabiltzen dira—. Metalezko aleazioetan funtsezkoak diren litioa eta niobioa Txiletik eta Brasildik ekartzen ditu, %78 eta %85 hurrenez hurren. Fosforoaren %71 Kazakhstandik lortzen du —industria kimikorako eta armagintzarako—. Aldiz, Europatik bertatik eskuratzen du siderurgian erabiltzen den hafnio eta estrontzio ia guztia.

Ikusi gehiago: Europako Batzordeak epe luzeko kontratuekin merkatu nahi du argindarra

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Volkswagenen fabrika  Iruñean ©Jesus Diges  / Efe

Landabenen Poloak egiteari utziko dio VWek, elektrikoranzko obrek behartuta

Berria

Zuzendaritzak iragarri du 2025etik aurrera, urte eta erdiz, produkzioa erdira jaitsi beharko dela. Sindikatuek «kezka» azaldu dute trantsizioak eragingo dituen ondorioen aurrean.

Erretreten erreformaren aurkako manifa, gaur, Baionan. ©Patxi Beltzaiz

Sindikatuen arabera, 13.000 lagun mobilizatu dira Baionan erretreten erreformaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Apirilaren 6rako deitu dute hamaikagarren protesta eguna. Horren aurretik bilera batera deitu ditu Elisabeth Borne lehen ministroak.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten»

Iker Aranburu

Inbertsio funtsetara bideratzen den aurrezkiaren kuota bikoiztu du azken hamar urteetan Kutxabankek. Kutxabank Gestioneko kontseilariaren arabera, epe luzera begiratzea eta bezeroari «kea ez saltzea» dira arrakastaren bi gakoak.

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzailea, Bilbon egindako agerraldi batean, aurreko astean. ©Oskar Matxin Edesa / EFE

Erretretaren erreformen harira, Euskal Gizarte Segurantza bat sortzeko eskatu du LABek

Maddi Iztueta Olano

Sindikatuko koordinatzaileak iritzi dio Euskal Herriko langileen pentsioak eta diru laguntzak «arriskuan» egongo direla Madrilen eta Parisen menpe dauden bitartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.