«Zailtasunak» aitortuta, adituek ekin diote estatutu proiektua idazteko lanari

Eusko Legebiltzarrak juristen esku utzi du estatusaren oinarriei forma juridikoa emateko enkargua. Ados jartzeko borondatea azaldu dute

Testu artikulatua idatziko duten adituak, Andoni Iturbe legebiltzarreko legelari nagusiarekin, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jon olano
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek aukeratutako bost adituek euren eskuetan dituzte jada Autogobernu Lantaldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako adostutako estatus politikoaren oinarriak. Orain, bost lagun horien eginkizuna izango da, «oinarriekin bat eginda», adostasun puntuak topatzea boto partikularrekin, akordioa zabaltze aldera, eta guztiarekin estatutu proiektua izango denaren testu artikulatua idaztea.

Eusko Legebiltzarrak ekitaldi bat egin zuen atzo, modu ofizialean adituei harrera egin, eta horien esku uzteko enkargua. Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatuko dute batzordea, eta Bajartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren eskutik jaso zuten zeregina; zortzi hilabete izango dituzte horretarako, eta eztabaiden konfidentzialtasuna gorde beharko dute tarte horretan zehar. Harrera ekitaldiaren ostean, lehen bilera egin zuten bostek, jarraitu beharreko metodologia adosteko.

Talde teknikoak lan nekeza du aurretik, kide gehienek aitortu zutenez. Urrutiak azaldu zuen «zailtasuna» izango duela lanak: «Denak jabetzen gara daukagun arduraz, eta mandatuarekiko leial jokatuko dugu». Lopez Basagurenek azalduzuen «borondate onenarekin» egingo duela lan, nahiz eta «helburua oso zaila» iruditzen zaion. Elizondok ere esan zuen jabetzen dela zailtasunez: «Euskadin bizi gara eta denok ezagutzen ditugu zailtasunak eta ikuspuntu politiko ezberdinak, baina uste dut adostasun batzuk lortzeko ahalegina egin behar dugula».

Ados jartzea, «mirari» bat

«Erantzukizun handiz» hartu du enkargua Del Burgok ere, momentua «oso garrantzitsua» delakoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat eta «baita oinarrietan aipatzen diren beste lurralde batzuentzat ere». Aitortu zuen ez datorrela bat oinarriekin: «Ikuspuntuak erabat ezberdinak badira, adostasunerako espiritu handia izanagatik, azkenean zaila da emaitzak lortzea». Ildo horretan, ohartarazizuen «elkar ulertzeko tarte eskasa» dagoela helburua«ia-independentzia egoera bat» lortzea baldin bada. «Baina, tira, batzuetan mirariak gertatzen dira, baita politikan ere».

Adituek ekainerako prest izan beharko dute testu artikulatua, eta, ondoren, lege proposamen gisa erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, gutxienez talde batek bere egiten badu. Eztabaida parlamentarioa beste zortzi hilabetez luzatu liteke, behin betiko bozketa egin baino lehen. Legebiltzarrak onartuz gero, Espainiako Kongresuaren oniritzia jaso beharko luke testuak, eta argitzeke dago bi parlamentuen onespenaren artean galdeketa «gaitzaile» bat egingo den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.