Udalen osaketa Gipuzkoa

Ezustea eta salbuespena Andoainen

EH Bilduk alkatetzari eutsi dio, EAJko hautetsi batek diziplina hautsi eta boto zuria eman ostean.

Etsipena agertu dute sozialistek
Ana Karrere Andoaingo alkatea, alboan Maider Lainez PSE-EEko hautetsia duela, atzo.
Ana Karrere Andoaingo alkatea, alboan Maider Lainez PSE-EEko hautetsia duela, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2015eko ekainak 14
Ikusmina zegoen Andoainen atzo goizean zer gertatuko. Bezperan EAJk eta PSE-EEk elkarren alkategaiak babesteko iragarri zuten akordioak hor ere eragingo zuela pentsatzekoa zen. Baina salbuespena eta ezustekoa, biak batera iritsi ziren, hitzartutakoa ez baitzuen bete lau ordezkari jeltzaleetatik batek (Gregorio Olasagasti independenteak): diziplina hautsi, eta Maider Lainez alkategai sozialista babestu beharrean boto zuria sartu zuen hautetsontzian. Sozialistek beharrezkoak zituzten bederatzi botoak lortu ez, eta EH Bilduko Ana Karrerek hartu zuen alkate makila azkenean, beste lau urterako.

Goizeko hamarrak jotzeko artean ordu laurdena falta zela, herritarrez lepo beteta zegoen udaletxeko batzar aretoa. Ateak zabal-zabalik utzi zituzten; barruan denentzako lekurik ez, eta aretotik kanpora zain zegoen beste jende multzo bat, bilkura noiz hasiko. Tentsioa eta ikusmina nabariak ziren giroan. Hautetsi gehienak beren lekuetan eserita zeuden ordurako, baina ez guztiak. «EAJkoak falta dira», azaltzen zion herritar batek beste bati. Bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago sartu ziren hautetsi jeltzaleak aretora, begitarte serioarekin. Guztiak eserita, isiltasuna egin zen aretoan, eta adineko mahaiko presidenteak hasiera eman zion bilkurari, puntualtasunez.

Hautetsiek, banan-banan, karguaren zina egin zuten lehenik; «bai» batekin batzuek, «legeak hala behartuta» esaldia gehituta beste batzuek, bere «printzipio errepublikanoei eutsiz» Irabaziko ordezkariak. Inork alkatetzara aurkezteari uko egiten ote zion galdetuta, jeltzaleek azaldu zuten beren ukoa. Hala, hautetsiek botoa ematea besterik ez zen falta. Bakoitzak aurrean zuen paper zurian aukeratutako alkategaiaren izena idatzi, eta hautetsontzian sartzen hasi ziren zinegotziak, banan-banan. Bazen, ordea, izenik idatzi ez zuenik, bere paper zatia zuri utzi zuenik.

Ezustekorik gabe joan zen dena ordura arte. Isilik zegoen aretoan bildutako jendea, eta are isiltasun handiagoa egin zen presidenteak kontaketari ekin zionean. Lainez alkategai sozialistak jaso zuen lehen botoa, Karrere EH Bildukoak hurrengoa, izen bien txandakatzea errepikatu zen ondoren... lehen boto zuria... eta bigarrena... Herritarren artean zurrumurruak hasi ziren entzuten, herritar batzuk buruz batuketak eginez zebiltzan, harridura nabaria zen beste batzuen begitartean... Emaitzara lehenago iritsi ziren batzuk, haien poz nahiz etsipen aurpegiei erreparatuta; presidentearen azalpenekin jabetu ziren gertatutakoaz beste batzuk: zortzi boto zituen Lainezek (bost sozialistenak eta hiru jeltzaleenak), sei Karrerek (seiak EH Bildurenak) eta bere buruari emandako bat Irabaziko Luis Jorge Fernandezek. Bi boto zuri ere baziren tartean —ustez, Ganemos-eko ordezkariarena bata eta hautetsi jeltzale batena bestea—. Sozialistek gehiengo osoa lortzeko boto bat falta zutela, maiatzaren 24an boto gehien lortu zituen zerrendari eskaini zion mahaiko presidenteak alkatetza, egungo alkateari: baiezkoa eman zion Karrerek.

Orduan, bai, txalo eta oihu artean lehertu zen areto isila, ezustekoa pozez hartu baitzuten koalizioko zaleek. Harridura eta haserrea sumatzen ziren, berriz, PSE-EEko jarraitzaileen aurpegietan; eta serio zeuden, oso, ordezkari jeltzaleak. Alkatearen hitzaldia amaitu aurretik atera ziren aretotik hainbat jarraitzaile sozialista, eta tentsio uneren bat eta hitzezko liskar txikiren bat ere izan zen. Gipuzkoako PSE-EEko antolakuntza idazkari Mikel Duranek eta Rafaela Romero batzarkideak ere aretoa utzi zuten orduan.

Elkarrizketarako deia

Aginte makila eskuetan, herritarrei eskerrak emanez hasi zuen bere hitzaldia Karrerek. «EH Bilduk, jarrera eraikitzailea eta irekia izanez, herritarrekin batera herri honen alde egiten jarraitu nahi du. Duela lau urte genuen ilusio berarekin gaude oraindik». Aurrerantzean ere udal politika eraldatzeko eta egoera ekonomikoa hobetze aldera urratsak egiteko asmoa agertu zuen, bai eta «egindako akatsak zuzendu» nahiz gainerako indar politikoekin elkarlanean aritzeko nahia ere. Erabakitzeko eskubideari eta gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeari heltzeko garaia dela adierazi, eta elkarrizketarako deia egin zuen alkateak. Behin saioa amaituta, lore sorta batekin eta txalo artean hartu zuten koalizioko jarraitzaileek Karrere, udaletxeko atarian.

Metro gutxira, gertatutakoa ez zuela espero aitortu zuen Lainezek. Andoaindar asko «etsituta» egongo zirela ulertzen zuela adierazi zuen sozialistak: «Hauteskundeen emaitza argia izan zen, eta jendeak aldaketa eskatu zuen, baina gaur, zoritxarrez, ez da egia bihurtu». EAJko ordezkarien jarrera txarretsi zuen: «Une honetan maltzurkeriaz, beldurrez eta aurrez pentsatuta jokatu dute. Politikan ausarta izan behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna