Noiz sortua: 2020-02-19 00:30:00

Euren lurrak berreskuratzeko borrokan garaipen bat lortu berri du komunitate maputxeak

Herri indigenak Txileko Gobernuaren aurkako protesta batean.
Herri indigenak Txileko Gobernuaren aurkako protesta batean. ALBERTO VALDES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2020ko otsailak 19

Maputxe herriaren lurren eta autodeterminazioaren aldeko borroka ez da amaitu, aldatu baizik. Aurrera jarraitzen dute, halaber, kaleko protestek Txilen, zeintzuek konstituzio berri bat eta Sebastian Piñera presidentearen dimisioa duten helburu. Testuinguru horretan, duela aste batzuk, Temucoko Ñienol mendixkan bi egunez egin zuten batzar baten ostean, Bio Bio ibaiaren hegoaldean «gobernu independente bat» sortzeko erabakia jakinarazi zuten komunitate maputxeek. Gainontzean, lurrak berreskuratzeko borrokaren inguruko eztabaida ere aktualitatera itzuli da, jakin denean Forestal Arauco enpresak epaitegiei men egin eta 96 hektarea itzuli behar izan zizkiela Ignacio Huilipan komunitateko kideei, Contulmon.

Era horretan, Araucoko epaitegiak Forestal Arauco enpresari agindu dio 97 hektarea lur itzultzeko aipatu maputxe komunitateari. Epaitegiek ontzat eman dute 1904. urteko jabetza titulua, eta gogora ekarri dute Txilek sinatutako Indigenen Legea eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. akordioa ere. «Mesede tituluak dira Araucania okupatu osteko jabetza tituluak (1861). Garai hartan, paper horietan hainbat lur eremu banatu ziren familia maputxeen artean», azaldu du Fernando Pairican historialari maputxeak. «Lurrak berreskuratzeko borrokarekin lotutako istorio bakoitza desberdina da, negoziazio ahalmenaren, maputxeen erresistentzia mailaren eta kolonoen indarraren araberakoa delako», jarraitu du. «Ez zuten lurrik itzuli 1964an nekazaritza erreforma egin zen arte, baina lege hori gaindituta geratu zen maputxeen ekintzen ondorioz, eta hortik etorri zen Cautinazo deritzona, [Salvador] Allende presidentearen gobernu iraultzaileak hartutako erabakia, zeinak ahalbidetu zuen maputxeekin gatazkan zeuden lur eremuetan erreformak egin ahal izatea, eta horietan gertatzen da egun aztergai dugun gatazka».

Hasiera batean, Txileko ia baso guztien jabe den Angelini familiaren Forestal Arauco enpresak helegite bat jarri zuen epaitegien erabakiaren aurka, baina azkenean onartu egin zuten ebazpena, eta lurrak itzuli zituzten. Auzian zehar argi geratu zen enpresak lurrak okupatu egin zituela, eta legez kanpo ustiatu; bazekien zein ziren legeak ezarritako mugak, eta, hala ere, gainditu egin zituen. Pairicanen arabera, 1993ko Indigenen Legeak ahalbidetzen du lurrak berreskuratu ahal izatea ustelkeria auzietan. «Lurrak erosteko aukera ere ematen du, eta, kasu batzuetan, 1997an eta 1998an gertatu moduan, estatuak berak ere erosi izan ditu lurrak gatazka amaitzeko. Alaskako funtsa izan zen kasu ezagunenetariko bat, zeina Temucuicui komunitateari eman zioten 2001ean».

Allenderen gobernuaren ostean, nekazaritza erreformaren aurkako aldaketak onartu zituzten, eta horien bidez Unidad Popular agintean zen bitartean berreskuratutako lurrak enpresarien esku utzi zituzten, edo estatuak hartu zituen eta jabetza pribatu bilakatu zituen, Angelini-Matte taldeari emanez.

Azken urteetan, hainbat maputxe komunitatek lortu dute beren kabuz lurrak berreskuratzea, eta kasu horietan estatua negoziatzera derrigortu dute. Beste batzuetan lortzen dute frogatzea —mesede tituluen bidez— lurrak lapurtu zizkietela, eta, beraz, estatuak erosi egiten ditu, itzuli ahal izateko. Badira kasuak, baita ere, non maputxeek eztabaida sortu duten komunitateek oso lur gutxi dituztela salatzeko, eta halakoetan estatuak erabaki dezake lurrak erostea komunitate horientzako. Horri esker, komunitate berriak sor daitezke.

Gobernu independentea

Bestalde, iazko abendu hasieran, hainbat komunitate indigenatako 250 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten batzar batean, eta iragarri zuten gobernu independente bat osatuko zutela Bio Bio hegoaldean. Bi eguneko batzarra Ñienol mendixkan egin zuten, Temucon, eta amaieran Lur Guztietako Batzarreko buru Aucan Huilcamanek hartu zuen hitza, erabakia jakinaraziz eta iragarriz haren berri emango dietela agintari guztiei, tartean Sebastian Piñera presidentea. Hark erabaki beharko du nola jokatu berearen pareko beste gobernu baten aurrean.

Autodeterminazioa

Independentzia adierazpena jasotzen duen dokumentuak lurren jabe izateko eskubidea ere jasotzen du. Huilcamanek eta beste buruzagiek proposatu zuten autodeterminazio eskubidean oinarritzea gobernu independente bat osatu ahal izateko: «Maputxe herriak erabaki askeak hartzeko eskubidea du, eta haren arabera erabakiko du bere izaera politikoa. Nazioarteko legedian badira bi arau diotenak indigenek beren buruaren gain agindu dezaketela, eta, beraz, nazioarteko legediaren barruan gaude», defendatu zuen Huilcamanek.

«Aucanek [Huilcaman] urteak daramatza aldarrikatzen autodeterminazio eskubidea lurrak bereganatzeko modu bat dela, baina, halakorik egiteko, lehenik NBEk onartu behar du eta Txileko Gobernuak berretsi», adierazi du Pairicanek. «Horiek hala, hori da herri maputxea askatzeko bidea eta helburu horrekin aritu dira lanean 1980ko hamarraldiaz geroztik. Adierazpena ez da berria, baina gogorarazten digu zein den maputxeen mugimenduaren lerroa 1983tik, orduan aurkeztu baitzuten autodeterminazio eskubidearekin lotutako lehen dokumentua».

Maputxe herriak lurrak berreskuratzeko hiru era baliatzen ditu egun. Lehena da lurren gaineko kontrola bultzatzea, eta gero auzitegietara jotzea haien gaineko subiranotasuna bermatzeko. Bigarrena da Alkate Maputxea Duten Udalerrien Elkartean bildutako sei herriena, zeinean alkateek Txileko agintea onartzen duten baina berdintasunean gobernatzen dituzten txiletar eta maputxeak. Hirugarrena litzateke Huilcamanek defendatzen duena, alegia, NBE bultzatzea hark Txile estu har dezan eta autodeterminazio eskubidea aitor diezaien. «Txilek egun bizi duen testuinguruan, buruzagiek adierazi dute nazio aniztasunak aukera ematen duela autodeterminazio eskubidea lortzeko bidean aurrera egiteko. Hori da gaur egun maputxe herrian eztabaidagai dutena».

Moira Millan ekintzaile maputxeari elkarrizketa: «Maputxeen kulturak generoen arteko errespetua du oinarri»

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. ©Matteo Corner / EFE

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Herrialdeka, Bizkaian aurkeztu dituzte dosier gehien. ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna