Memoriaren zentroa nahi dute San Frantzisko elizan

Gasteizko Zaramaga auzoko tenplua «memoria inklusiboaren ikur» izan dadila proposatu du Memoria Gara ekinbideak, eta eskaria egitera doa

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren elizan Memoria eta Giza Eskubideen Zentroa egitea proposatu du Memoria Gara ekinbideak. Proiektua atzo aurkeztu zuten ekinbideko kideek, eta etorkizun gertuan egingo dituzten lehen urratsen berri eman zuten. «Datorren astean edo hurrengoan» Gasteizko Apezpikutzarekin harremanetan jarriko da, Zaramagako tenpluaren erabilera hori baimen dezan. Horrez gain, elkarlana galdegin die administrazio publikoei, egitasmoa gauzatu ahal izateko.

Memoria Gara ekinbidea hamaika esparrutako eragileek osatu dute: kulturgintza, kazetaritza, hiriko elkarteak, unibertsitateko irakasleak... Horiek guztiek nabarmendu dute San Frantzisko elizaren garrantzia, ekinbidearen manifestuan jaso dutenaren arabera. Idazkian gogora ekarri dute memoria historikoak «betiko» batu dituela 1976ko martxoaren 3a eta Zaramagako aipatu eliza. Gogorarazi behar da egun horretan Polizia oldartu zitzaiela tenpluan batzartuta zeuden langileei: bost pertsona hil zituzten, eta ehun baino gehiago zauritu, erdiak balaz.

Memoria Gara-ko kideek hausnartu dute eliza bihurtu dela «etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenen ikurra».

2014tik gurtzarik gabe

Eliza 2014. urtetik itxita dagoela gogorarazi du Memoria Gara-k. Ordutik, «urtean aste gutxi batzuk» ireki dute, San Frantzisko Asiskoaren Fundazioaren jaiotzak erakusteko. Martxoak 3 elkarteak Zaramagan egiten dituen bisita gidatuentzat gela bat egokitu du, elizaren atzealdean. Horregatik, apezpikutzari eskatuko diote Memoria eta Giza Eskubideen Zentro izateko. «Elkarrizketarako borondatearekin herritarren eskaerari erantzun dakioke, eta beste gune bat bila daiteke jaiotzen erakusketarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.