ESKUIN MUTURRA

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aliatuek Alemaniako diktadura nazionalsozialista desegin zuten 1945ean, eta nazismoaren eragina desagerrarazteko edo murrizteko neurriak hartu zituzten. Hala ere, eskuin muturra ez da inoiz desagertu Alemaniatik, eta herrialdea batu zenetik (1990) azkartu egin da etengabe. Hauek dira azken urteetako adierazle nagusiak:

AFD
Alemaniarentzako Alternatiba 2013an sortu zuten Alexander Gauland kazetari eta abokatuak, Konrad Adam kazetariak eta Bernd Lucke ekonomistak. Euroeszeptizismoa eta EB Europako Batasuneko hegoaldeko estatuen kontrako jarrera zuen arrazoi nagusia. 2015eko errefuxiatuen krisitik aitzinera, mezu xenofoboak eta islamaren aurkakoak indartu zituen. AFDren kezka handietako bat izan da iritzi publikoak ez identifikatzea nazismoarekin eta mugimendu neonaziekin; horregatik, NDP alderdi neonazi klasikotik aldendu nahi izan du itxuran, estiloan eta jardunean. Herrialdeko hirugarren alderdia da gaur egun—oposizioko indar nagusia da—.

Chemnitzeko liskarrak
Iazko abuztuan, ekialdeko Saxonia estatuko Chemnitz hirian, 35 urteko herritar bat hil zuten labankada batez, eta erasotzaileak Ekialde Hurbileko errefuxiatuak zirela zabaldu zen sare sozialen bidez. Talde neonaziek protestara deitu zuten Chemnitzen, eta antifaxista ugari elkartu ziren haiei aurre egiteko. Liskar larriak sortu ziren elkarren artean eta Poliziarekin, eta eskuin muturreko jarraitzaileak errefuxiatuei jazarri zitzaizkien. Hans-George Maassen barne espioitzako zerbitzuen burua kargutik kendu zuten, zalantzan jarri zuelako errefuxiatuek jazarpena sufritu zutenik Chemnitzen.

Pegida
Mendebaldearen Islamizazioaren Aurkako Europako Mugimendua ekialdeko Dresden hirian sortu zuten 2014an, errefuxiatuentzako zentroak eraikitzearen aurka protestatzeko. 2014. eta 2015. urteetan manifestazio jendetsuak egin zituen Alemania osoan, eta Europako beste herrialde batzuetan imitatu zuten mugimendua. Hainbat eraso xenofobo izan ziren haren mobilizazioetan.

NSU
Klandestinitate Nazionalsozialista talde armatuaren existentzia 2011n jakin zen, eta zirrara handia sortu zuen Alemanian. Bi gizoni eta emakume bati leporatu zioten hori osatzea, eta bi gizon horiek beren buruaz beste egin zutenean jakin zen NSUren existentzia. 2000. urtetik hasita bederatzi etorkin eta polizia bat hil zituzten, eta ikerketan ondorioztatu zuten estatu aparatuetako hainbat jenderen laguntza izan zutela ezkutuan mantentzeko. Inoiz ez zuten erasorik aldarrikatu. 2011n atxilotu zuten emakumeari bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.