Urtea hasteko, derbia

Realak eta Athleticek gaur neurtuko dituzte indarrak, Zubietan. Denboraldi ona egiten ari dira txuri-urdinak. Athletic, berriz, ez dabil ondo

Jone Bastida Alzuru.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ez dute edonola hasiko urtea Realak eta Athleticek. 2021ean jokatuko duten lehen neurketa bien arteko derbia izango da, Errege egunez, gaur; 11:30ean izango da partida, Zubietan. Zaleen eta jokalarien artean ilusio handien eta emozio gehien pizten duen neurketetako bat izan ohi da, egutegian gorriz markatzen den egun horietako bat. Helburu bera izango dute bi euskal taldeek: hiru puntuak lortzea. Iritsi, baina, bolada eta egoera desberdinean helduko dira. Izan ere, sailkapenean elkarrengandik oso urrun ez dauden arren, aldea dago puntuetan, baita zelaian emandako itxuran ere. Seigarren postuan daude txuri-urdinak, 23 punturekin. Hamalau bildu ditu, berriz, Athleticek, eta hamargarren da sailkapenean.

Athletici kostatzen ari zaio puntuak biltzea, batez ere etxetik kanpo, eta, denboraldi hasiera oso ona egin zuen arren, zortzi partida erreskadan daramatza garaipenik eskuratu gabe. Hala, egoera hori iraultzeko asmoz zelairatuko dira gaur Angel Villacamparen jokalariak, derbia izateak ematen duen pizgarri erantsi horrekin. Hain justu, aurreko sasoian ere egoera txarrean heldu ziren derbira. Baina irabazi, eta bolada aldatu zen. Horretan saiatuko dira berriro. Athleticeko teknikariak adierazi du «ilusio» handia dutela. «Gaizki pasatu dugu egoera konplikatu honekin, baina garrantzitsuena da taldea nola itzuli den. Gogotsu gaude». 2021. urtea indartsu hasteko «motibatuta» daudela azpimarratu du Villacampak. Eta argi adierazi du: «Derbiak beti dira bereziak. Ea gure bertsiorik onena erakusten dugun».

Realak, berriz, azken bederatzi puntuetatik bi baino lortu ez baditu ere, itxura eta maila ona erakusten ari da. Urtea goiko postuetan amaitzea nahi dute Natalia Arroyoren jokalariek, eta horretarako nahikoa ahal dutela erakusten ari dira. Baloia izatea eta zelaian agintzea gustuko dute, eta erasokor aritzea. Urtea garaipen batekin hastea «garrantzitsua» dela azpimarratu zuen atzo Arroyok , eta horrek emango zien bultzadan zentratu nahi dutela. «Urtea hiru punturekin hasi nahi dugu». Horretarako zer egin behar duten ere azaldu zuen: «Derbi guztiek eskatzen dute zerbait berria. Hori garrantzitsua izango da. Partidan sartuta egon behar dugu amaierara arte. Abantailak ditugun espazioak bilatu behar ditugu, ondo kudeatu jokoa noiz lasaitu behar dugun eta noiz azkartu. Denborak maneiatzen saiatuko gara, eta sortzen ari garen Reala izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.