HILBERRIA. George H. W. Bush

AEBen interesak lehenik

KIMMO MFNTYLF / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 2
Agintaldi bakarra egin zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguan, 1989tik 1993ra, baina George Helbert Walker Bushi (Milton, AEB, 1924 - Houston, AEB, 2018) XX. mendeko gertakari politiko garrantzitsuenen erdigunean izatea egokitu zitzaion, izan haren erabakien ondorioz, izan hark eragindako gertakarien ondorioz: Berlingo harresiaren erortzea —eta Alemaniaren bateratzea—, SESB Sobietar Batasunaren desegitea, Gerra Hotzaren amaiera, Panamaren inbasioa eta Golkoko I. Gerra, besteak beste.

Ibilbide politiko luzea izan zuen, hainbat lan uztartu ostean: pilotua izan zen II. Mundu Gerran, petrolio ustiatzailea Texasen, Nazio Batuen Erakundearen enbaxadorea, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren zuzendaria, gobernadorea, Ronald Reaganen presidenteordea eta herrialdeko presidentea. Zerrenda luzea izan arren, ezagun egin zen azken kargu horretan izan zuen atzerri politikagatik, batez ere Golkoko Gerragatik. 1991ko urtarrilaren 16an hasi zen hark aginduriko Basamortuko Ekaitza operazioa: AEBak buru zituen nazioarteko koalizioak 800.000 soldadu —500.000 estatubatuar— bidali zituen Kuwaitera, aurretik Irakek inbaditu zuelako. Bonbardaketak etengabeak izan ziren, eta hildakoak, milaka. Gerra Hotzaren osteko potentzia nagusia ziren orduan AEBak: «munduko ordena berria» aldarrikatu zuen Bushek, herrialdeak aurkaririk ez zuelakoan.

Aurrez, Panamako inbasioa agindu zuen, 1989an, herrialdeko buruzagi Manuel Antonio Noriega harrapatzeko: Kausa Justua operazioan 3.000 panamar hil zituzten soldadu estatubatuarrek; ondorio ekonomikoak ikaragarriak izan ziren, baita politikoak ere: Noriega harrapatu, AEBetara eraman, eta 40 urteko kartzela zigorra jarri zioten, droga trafikatzailea izateagatik. AEBen azken soldadua 1999an atera zen Panamatik.

XX. mendeko beste gertakari ezagun batzuen protagonista ere izan zen Bush: SESBen desegitean, eta Gerra Hotzaren amaieran berebiziko garrantzia izan zuen. Mikhail Gorbatxov SESBeko azken presidenteak atzo gogorarazi zuenez, AEBetako presidente ohiak zeresan handia izan zuen, eta «aliatutzat» jo zuen: «Oroitzapen askok elkartzen naute pertsona honekin. Aldaketa askoko urteetan elkarrekin lan egitea egokitu zitzaigun. Emaitza Gerra Hotzaren eta arma nuklearren lasterketaren amaierak izan ziren».

Atzerrian AEBen interesak lehenesteagatik, nabarmen handitu zen haren ospea etxean, baina ez zen nahikoa izan krisi ekonomikoari aurre egiteko; besteak beste, uko egin zion langabeei laguntzak handitzeari, eta askok enpatia falta egotzi zioten. 1992ko bozetan Bill Clintonen aurka galdu, eta politika uztea erabaki zuen —haren seme George W. Bushek hartu zuen Clintonen lekukoa—. Parkinsonen gaitza izan zuen hil aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna