Ezer ere ez, eta festa?

Osasuna Betisen zelaian ariko da gaur, premiarik gabe, eta bolada onari eusteko asmoz. Adrian eta Arnaiz dira onik dauden aurrelari bakarrak

Osasunako jokalariak korner bat zaintzen, aurreko igandeko Getaferen aurkako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Osasuna lanak jada eginak dituenaren patxadarekin ariko da Betisen zelaian. Salbazioa dagoeneko matematikoki ziurtatu du, eta hutsaren hurrenak dira Europako postuetan sartzeko dituen aukerak; beraz, ezer gutxi izango du gaur jokoan. Dena den, nafarrek sasoia ahalik eta posturik onenean bukatzeko nahia dute, eta garaipenak are gehiago hanpatuko luke haien autoestimua. Jokoan izandako azken hamabi puntuetatik hamar lortu dituzte, eta gaur, beste hiru batzen ahaleginduko dira. Nolabaiteko aringarria izango litzateke sanferminik gabe festa gosez gelditu diren zale gorritxoentzat.

Jagoba Arrasatek garbi du: bere horretan jarraitzen du taldearen lehiarako goseak. Teknikariak «amaierara arte» eutsi nahi dio azken asteetako bolada onari, eta gaur irabazteko, badaki gidoiak zein izan behar duen. «Neurketa ezberdina izango da jokatu ditugun azken bien aldean, baina bertsio ona behar dugu aurkaria deseroso sentiarazteko. Eta baloiarekin, ausartak eta zorrotzak izan behar dugu». Alavesen eta Eibarren zelaietan irabazi ondotik, etxetik kanpo hirugarren garaipena kateatzeko aukera izango du Iruñeko taldeak.

Nahigabetutako aurkaria izango du aurrean. Onenen pare aritzeko asmoz ekin zion sasoiari Betisek, baina oker jo dio kukuak. Oraintxe, gertuago ditu jaisteko postuak, Europan sartzekoak baino. Entrenatzailez aldatu zuen 30. jardunaldiaren ostean: Rubi kaleratu, eta Alexis Trujillori eman zion behin-behineko lema. Itxura guztien arabera, Manuel Pellegrini fitxatuko du datorren denboraldirako. Espainiako taldeak salbazioa ziurtatzean egingo da ofizial. Gaur bertan lor dezake hori. Badaki Arrasatek ez dela aurkari samurra izango. «Talentu handiko taldea da, oso erasokorra. Kanpotik, bizkor jokatzen du, eta, barrutik, ondo».

Harrobikoak, aukeren zain

Bi aurrelari baino ez dira ageri Arrasateren deialdian: Adrian eta Arnaiz. Gainontzekoek giharretako arazoak dituzte. Cardonak Getaferen aurka hartu zuen min, eta Gallegok partida bat lehenago, Eibarren kontra. Hori gutxi balitz bezala, Ruben Garcia ere ez dago jokatzeko moduan, ezta Unai Garcia ere. Zerrendako berritasunak harrobiko Aimar Oroz eta Jose Hualde dira. Javi Martinezek ere tokia egin du deialdian. Noiz jokatuko zain daude hirurak.

BETIS-OSASUNA

Betis. Dani Martin; Emerson, Mandi, Feddal, Bartra, Alex Moreno; Guardado, Guido Rodriguez, Tello; Fekir eta Loren Moron.

Osasuna. Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Lato; Roberto Torres, Darko, Oier, Moncayola; Adrian eta Arnaiz.

Epailea. Hernandez Hernandez

Lekua. Benito Villamarin (60.721 ikusle)

Ordua. 20:30 (Gol)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.