Etxetik at aurrerapausoa eman nahi du Osasunak, gaur, Getafen

Aridane Hernandez, Alavesen aurkako derbian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Etxean marka berria ezarri ostean, Osasunak aurrerapausoa eman nahi du Iruñetik urrun. Bisitari moduan lehia bakarra irabazi du orain arte, eta bigarrena lortzen saiatuko da gaur, Getaferen aurka. Irabaziz gero, sailkapenean aurreratu egingo luke Jose Bordalasen taldea —puntu bakarrera dauka—, eta 21 punturekin, eginak izango lituzke salbazioa lortzeko lanen erdiak. Haatik, garaipena garesti izango dute gorritxoek, espainiarrak ere oso bolada onean baitira. Azken bost partidetatik lau irabazi dituzte, eta etxean behin baino ez dute galdu, Bartzelonaren aurka. Hala, nafarrek erronka handia izango dute geldialdiaren aurretik.

Abantaila txikia dute arlo fisikoan eta mentalean: Getafek Europa ligako partida izan zuen ostegunean, Basilearen aurka, eta2-1 galdu. Nolanahi ere, partida «gogorra» espero du Jagoba Arrasatek, aurkari «ezberdin» baten kontra. «Oso talde gutxik joka dezakete nahi bezala Getaferen aurka», ohartarazi zuen atzo, Taxoaren emaniko prentsaurrekoan. Hala, neurketa beren «esparrura» eramatea izango omen da giltza, ohiko «erritmoari» eta «bizitasunari» eutsita. «Funtsezkoa izango da gorabeherarik ez izatea. Haiek neurketa geldoagoak nahi izaten dituzte, etenaldi askorekin. Oso partida ona egin beharko dugu».

Kritika ugari jaso ohi ditu Getaferen estiloak, oso lakarra delakoan. Alabaina, Arrasatek laudatu egin zuen. «Nire ustez, ez da egokia Getaferi jarri zaion etiketa. Gauza asko egiten ditu ongi, baina, maiz, gaizki egiten duenari erreparatzen zaio bakarrik. Nik gauza onei begiratzen diet. Errespetu handia diet taldeari eta entrenatzaileari». Bordalasenek zelai-erdi indartsua dutela nabarmendu zuen teknikari bizkaitarrak; halere, ez omen dauka sistemaz aldatzeko asmorik. Hori horrela, «ohiko plana» izango dute gorritxoek.

Arazo fisikoak direla eta, Iruñean gelditu dira Adrian, Lillo, Raul Navas eta Rober Ibañez. Chimy Avilak ere ezingo du jokatu, zigortuta baitago, Alavesen aurka bosgarren txartel horia ikusi ostean. Horiek hala, litekeena da Brandonek jokatzea argentinarraren ordez. Deialdian, berriz, Moncayolak ordezkatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.