Athleticek Kopako bolada onari jarraipena eman nahi dio ligan

Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finalerako sailkapenak emandako bultzada baliatu nahi du gaur Athleticek, San Mamesen Granadari irabazteko. Partida garrantzitsua bi taldeentzat, Europarako lehian sartu nahi duten bi talde baitira. Sailkapenaren erdialdean daude, baina irabazlea zazpigarren postutik oso gertu geratuko litzateke.

Kopan ez bezala, ligan ez dabil fin azkenaldian Athletic. Ondo ari da jokatzen, baina ez ditu hain emaitza onak lortu: azken bost partidetan sei puntu besterik ez ditu eskuratu, eta Cadizen aurkako bakarrik utzi du atea hutsean.

Granada ere kostata ari da ligako partidak ateratzen. Europa Ligako final-zortzirenetan da, eta bertan egiten ari den esfortzu hori ligan ari da pairatzen. Astean hiru partida jokatzearen ondorioz, jokalari garrantzitsu asko min hartuta ditu. Hori dela eta, besteak beste, Luis Milla, Luis Suarez, Yangel Herrera eta Darwin Machisez dira ariko gaur. Halere, Marcelinok aurkari zail bat espero du: «Granada oso talde ona da. Gogorrak dira, joko zuzena asko erabiltzen dute, eta iaioak dira kontraerasoetan. Gainera, oso ondo entrenatuta daude».

Joaneko partidan espainiarrak 2-0 nagusitu ziren. Bilbotarrek oso partida tristea jokatu zuten, eta apenas iritsi ziren Rui Silvaren ate ingurura. Kopako joko ona baliatuta, Marcelinorenak aho zapore txar hori kentzeko beta izango dute gaur. Iñigo Martinez eta Yuri Berchiche izan ezik, gainontzeko jokalari guztiak eskuragarri izango ditu teknikariak. Hamaikakoan hainbat aldaketa egitea espero da.

ATHLETIC-GRANADA
Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Berenguer, Dani Garcia, Vencedor, Morcillo; Raul Garcia eta Villalibre.
Granada. Rui Silva; Foulquier, Victor Diaz, Domingos Duarte, Nehuen Perez, Adrian Marin; Eteki, Domingos Quina; Fede Vico, Antonio Puertas eta Jorge Molina.
Epailea. Martinez Munuera.
Lekua. San Mames.
Ordua. 21:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.