Autismoa eta erditzea lotzen dituen mekanismoa aurkitu dute

Edu Lartzanguren.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Jakina zen lehenago ere zesareaz jaiotako haurrek edo erditzean arazoak eduki dituztenek autismoa pairatzeko aukera gehiago dituztela. Baina Marseillako (Okzitania) Yehezkel Ben-Ari neurobiologoak zuzenduriko nazioarteko ikertzaile talde batek lehen aldiz erakutsi du nola funtzionatzen duen garunaren garapenaren, erditzearen eta autismoaren arteko loturak.

Taldeak Science Advances aldizkarian argitaratu ditu emaitzak. Biocruces ikerketa zentroko Paolo Bonifazi Ikerbasque zientzialariak parte hartu du lanean. Bonifazik eta lankideek ondorioztatu dutenez, jaiotzerakoan umekiaren nerbio sistemak seinale bat bidaltzen du, garuna gehiago ez hazteko. Oxitozina hormonak bidalitako seinale horren ondorioz, burmuinak hazteari uzten dio jaiotzaren aurreko 24 orduetan, eta hala jarraitzen du jaio ondoren beste 24 orduz.

Baina, gero autismoa garatuko dutenen kasuan, hazteari uzteko seinalea ez da heltzen, eta haien burmuinek garatzen jarraitzen dute erditzeko prozesuan ere. Arratoiekin eginiko esperimentuetan frogatu dute hori.

Oxitozina jomugan

Ikerketaren emaitzak «benetan interesgarriak» direla esan du Olga Peñagarikano EHUko ikertzaileak, eta bere taldea ere oxitozinaren transmisioaren inguruan lanean ari dela adierazi du. «Etorkizun handiko terapiatzat hartzen da gaur, hainbat autismo motatarako».

Edonola ere, oxitozinak neurobiologikoki funtzio asko dituela ohartarazi du ikertzaileak, eta garrantzitsua dela horiek ulertzea terapia egokia garatzeko.

Edonola ere, Peñagarikanok argi utzi nahi du zesareaz erditzeak berak ez duela autismoa eragiten, nahiz eta ikerketaren hainbat irakurketak hala iradoki. «Haatik, erditzean aldaketa batzuk gertatzen dira garunean, oxitozina hormonak modulatutakoak, eta aldaketa horiek autismoa duten hainbat pertsonari eragiten diote, beharbada haien oxitozina mailak asaldatuta daudelako». Ikertzailearen arabera, nabarmentzekoa da ikerketak oso autismo mota jakina ikertu duela: haurdunaldian amak azido balproikoa hartu izanak eragindakoa. Depakine izenarekin errezetatu izan da hemen, epilepsia eta asaldura bipolarra tratatzeko. Hori hartu duten hainbat emakumek azalpenak eskatu dizkiote Osakidetzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.