KRITIKA. Antzerkia

Zoriontsuak betiko

En palabras de Jo… Mujercitas antzezlana. ESMERALDA MARTIN.
Agus Perez.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun

'En palabras de Jo… Mujercitas'

Testua: Lola Blasco. Zuzendaritza: Pepa Gamboa. Musika: Luis Miguel Cobo. Eszenografia: Antonio Marin. Argiak: Juanjo Llorens. Jantziak: Guadalupe Valero. Antzezleak: Paula Muñoz, Maria Pizarro, Carolina Rubio, Clara Sanchis, Maite Sandoval, Andrea Trepat. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Martxoak 7.

Louisa May Alcott (AEB, 1832-1888) ezaguna da Little Women (Andereñoak) idazteagatik, geroago nobela gotikoak eta erotikoak ere idatzi zituen arren. Bere liburu famatuak lau ahizpa ustez zoriontsuren bizitzak eta gorabeherak aletzen ditu, eta gaur egun —aurreko belaunaldietan ere bai— neska gazteentzako nobelatzat hartua bada ere, rol garrantzitsua jokatu du literaturaren historian, viktoriar giro itogarria islatzeagatik eta orduko emakumeen nahiak eta ezinak deskribatzeagatik.

Esan daiteke egilea AEBetako langile-klase ertainekoa izan zela —hainbat lan ordaindutan jardun zuen— eta bere obra nagusia bere katarsi pertsonalerako idatzi zuela, emakume askoren ahalduntze bidean lagungarri izateaz gain. Bestetik, jakin beharra dugu orduko editoreek liburuko kapitulu osoak ezabatu zizkiotela argitaratua izatearen truke —Alcott diru beharrean zegoen—, eta geroko izenburuak A. M. Barnard ezizenarekin sinatu zituela. Horrek guztiak pentsarazten digu jatorrizko eleberrian gaurko ikuspegi feministarako askoz elementu interesgarriagoak egon zitezkeela, baina, egiatan, soilik esaldi solte batzuk eta lerro artean irakur litekeena jo daitezke salbagarri, eta apur horietatik tiraka eratu da Euskal Herrira gaur ailegatu den antzezlana.

Dena esan behar bada, Pepa Gamboa zuzendari lanetan zegoela jakiteak eraman nau antzezlan hau ikustera: Gamboak zuzendutako dantza lan batek Moskuko Bolshoik banatzen dituen Benois de la Danse bat eskuratu zuen —dantzaren Nobel sariak, labur esanda—, baina hiru antzezlan hauengatik aipatuko dugu hemen: Sevillako El Vacie txabola auzoko emakume ijitoekin egindako La casa de Bernarda Alba, Atxagaren Henry Bengoa inventarium-en gaztelaniazko bertsioa, eta Sarah Kaneren Blasted, duela gutxi Ganbila bilduman argitaratua izan dena Arantzazu Fernandez Iglesiasen euskaratzean.

Eszenaratzeari dagokionez, argi eta jantzi politetan bilduta etorri da guztia, eta muntaia oro har txukuna, dotorea, neurritsua eta testuari ondo egokitua iruditu zaigu. Hala ere, arazo nagusia Lola Blascoren testuak hasierako atalari emandako luzera izan da: lehen ordubetea lau ahizpen pasadizo txikien munduan eman dugu, Jo pertsonaia —Alcotten alter ego-a askoren ustez— orduko usadioetatik aldentzen saiatzen zelarik, baina gero azkartu egin dira gauzak, Blascok onartu izan balu bezala atal horrek ez zeukala hainbesteko antzerki-interesik. Eta gero, bizigarriak bezain argigarriak egin zaizkigu hiru atal nagusien artean txertatutako bi eszena laburrak, non Alcott solastatu egiten den editoreekin eta beste emakume sortzaileekin. Hain zuzen ere, pasarte horiek eta sei antzezleen interpretazio bikainak izango dira lan jator honetatik gehien gogoratuko ditugunak, testuaren desoreka hori gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.