KRITIKA. Musika

Festa guztiontzat

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra



Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: W. A. Mozarten 31. sinfonia, Paris, eta F. Mendelssohnen 4. sinfonia, Italiarra. Lekua: ETB2n eta Euskadiko Orkestraren Youtube kanalean. Eguna: Ekainak 13.

W.A. Mozarten izaera paregabea familiarekin trukatu zituen ehunka gutunen bidez ikas daiteke ondoena. 1778ko ekainaren 12ko eskutitzean, bere 31. sinfonia publiko frantsesaren aurrean aurkeztu baino lehen, hona hau idatzi zion aitari: «Zentzudunak diren frantses gutxi horiek gustuko izango dute ziur; [...] baina astaputzek ere bertan gustuko duten zerbait topatuko dutelako itxaropena daukat». Garai hartako Parisen modan zen premier coup d'archet temati batekin hasten du lehen mugimendua, Treviñoren batutan arin samar. Bigarren mugimenduaren andantinoa makala agertu zen orokorrean. Haatik, hirugarren mugimenduaren bizitasunean Salzburgoko prodijioak entzulea gidatzeko zuen erraztasuna antzeman zen Euskadiko Orkestraren interpretazioari esker. Tenpoan doi-doi, eta Mozartek aurreikusi zuen bezala, besaulkietan publikoa balego, festetan ahozabalik uzten gaituzten suziriak sortzen duten erreakzio bera lortuko zuten.

Bigarren zatiak Parisetik Italiara eraman gintuen, J. W. Goethek eta R. Schumannek «XIX. mendeko Mozart» gisa deskribatu zuten Felix Mendelssohnen 4. sinfonia bide. 1831n Erroman idazten hasi bazen ere, Berlinen bukatu zuen, eta hil ostean soilik publikatu zen osorik. Musika programatikoaren mugetan, mugimendu bakoitza eszena bihurtzen dela esan daiteke. Benetan bizia izan zen hainbestetan entzun den allegro vivacearen gai bereizgarria, baita ondorengo garapenetan ere. Dotoreziaz jantzi zuten bigarren mugimendua flautek eta haize-instrumentuek, orekan une oro. Hirugarren mugimenduan, Treviñoren keinu malguak bat egin zuen menuettoak sortzen duen giro lasaiarekin, eta trioan tronpek soinu ederra eskaini zuten. Zentzu osoz izendatu zuen Mendelssohn Saltarello tarantella dantzaren printzak agertzen dituen azken mugimendua. Orkestra osotasun gisa jardun zen bai hasierako melodia saltarian, bai crescendo luzean.

Arrazoi zuen Mozartek: festa hau guztion eskura egoteaz gain, guztiontzat ere bada eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.