Bilboko Aste Nagusia

Bazkalostean hautsi da bakea

Elkarrekin bazkaltzeko batu dira konpartsetako kideak, txosnetan. Aurten, euriagatik, gehienek euren txosnan jan dute. Harremanak sendotzea da helburua. Baina, olinpiadak hastean, lehia nagusitu, eta arerio bihurtu dira.
Oreka faltan. Olinpiadetan hainbat proba izan zituzten; adibidez, zorua ukitu gabe ibili ziren.
Oreka faltan. Olinpiadetan hainbat proba izan zituzten; adibidez, zorua ukitu gabe ibili ziren. MONIKA DEL VALLE / @FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abuztuak 26
Kantauri itsasoa ia hegaluzerik gabe geratu da. Kiloka erabili zuten atzo, Bilboko Aste Nagusiko sukaldaritza lehiaketetako seigarren saioan. Marmitakoa zeinek hobeto egin ibili ziren. Hainbat konpartsak ere hartu zuten parte. Eta hori izan zen elkarrekin Areatzan egin zuten herri bazkariko menua.

Ez zen erraza izan hainbesterentzako kozinatzea. Trikimailuko Jon Pariente 10:00etan hasi zen osagaiak prestatzen: «40 kilo hegaluze; burua eta azala kenduta, 30 inguru izango dira. Patatak, 50 kilo. Pipar piloa. Tipula ere bai. Eta hamar kilo tomate; badakit marmitakoari ez zaiola botatzen, baina guk egin dugu». Pariente izan zen sukaldaria. Hasieran lau laguntzaile baino ez zituen eduki. Gero, gehiago animatu zitzaizkien, baina osagaiak prest eduki zituztenerako, 11:00 ziren. Ordu horretan hasi ziren kozinatzen. Horregatik, berandu egin zitzaien lehiaketara aurkezteko. Eta bazkaltzen ere espero baino askoz beranduago hasi ziren. Gutxienez, mahaikideek marmitako «itzela» egin zuela esan zioten. Aitortu zioten meritua. Guztira, 120 lagun batu zitzaizkion bazkalorduan. «Harrikoa ez dut nik egingo, e!», ohartarazi zien. «Atsedena merezi dut».

Zaratasekoek zorte hobea izan zuten. Lehiaketara garaiz aurkeztea lortu zuten, eta laugarren saria merezi zutela erabaki zuen epaimahaiak. Sin Kuartelek, Pa...Ya!-k eta Txori Barrotek egindako marmitakoak geratu ziren eurenaren aurretik. «Beti egoten gara lehenengoen artean», gogoratu zuen, harro, Rosa Iturbek. «Ni bazkaltzera jaitsi naiz, baina gure sukaldari nagusi Josu eta beste lau konpartsakide goiz osoan ibili dira guretzako bazkaria prestatzen». Euren txosnako karparen azpian atondu zuten mahaia. Beste urte batzuetan, konpartsa gehienak Areatzako kaian elkartzen dira azken zapatuko herri bazkarirako, baina atzoko goiza euritsu esnatu zen, eta bakoitzak bere aldetik jatea erabaki zuten. Hala ere, euretako batzuk beste konpartsetako mahaiak bisitatzera animatu ziren kafe sasoian.

Izan ere, herri bazkari hori oso garrantzitsua izaten da konpartsetako kideentzat. «Gehienok urte osoan ia ez dugu elkar ikusten. Aste Nagusian biltzen gara. Baina, aurretik, muntaketa egunetan, eta, gero, jaiak irauten duen bitartean, ez dugu asti askorik elkarrekin hitz egiteko. Horregatik saiatzen gara gaur denok lasai egoten, gure arteko harremanak sendotzen», azaldu zuen Hontzak-eko Oneka Tiradok.

Bide batez, konpartsen artean ere bai. Horretan laguntzen die arratsaldez egin zituzten olinpiadek. Horregatik estimatzen ditu Tiradok. Eta baita itzel pasatzen duelako ere. Parte hartu ez, baina konpartsakideak gogotsu animatu zituen. «Konpartsen artean oso harreman ona dugu. Beti ez gara ados egoten, baina jai egunetan oso ondo moldatzen gara. Hor ondoan ditugu Pinpikoak [Pinpilinpauxa], eta oso ondo moldatzen gara eurekin. Baina olinpiadetan... orduan bai, gerra!».

Kantua, musika, bertsoak eta algara nahi beste izan zituen bazkalostea, bada, norgehiagokak eten zuen. Herri kiroletan lehiatu ziren konpartsetako kideak. Adibidez, Hor dago! Abante-ko Irati Jubeto sokari tiraka ibili zen, konpartsako helduei bazkariko platerak jasotzen lagundu ondoren. 60 bat konpartsakide bildu ziren BERRIAlagunen txosnan. Bere ama Begoña Castorekin, ahizparekin eta beste lagun batzuekin egon zen bazkarian. «Iaz ere hartu nuen parte, lagunekin, dibertitzeko. Oso ondo moldatu ginen», gogoratu zuen Jubetok. «Batzuetan tranpak egiten dira. Adibidez, sokatiran jende gehiago jartzen dugu tiraka. Lehia bizia dago!», aitortu zuen Castrok.

Txanda oztopatzeko prest

Ikurrina jasotzen du konpartsa garaileak. Eta, ohituraren arabera, gauean besteen txosnetan sartu eta txanda zapuzteko eskubidea du. Hontzak-eko Tiradok aitortu zuen beretzat eguneko unerik dibertigarrienetakoa izaten dela. «Barraren barruko aldea jendez bete eta enbarazu egin, barra gainera igo... Nik barre piloa egiten dut. Batzuei ez die graziarik egiten. Egia da azken gaueko txanda oso gogorra dela, jendetza egoten delako. Baina, tira, jaietan dena umorez hartu behar da».

Zaratasekoek ez zuten itxaron ere egin olinpiadetan zer gertatu jakiteko. «Beti gara txarrenak», aitortu zuen Amaia Gonzalezek. Horregatik bezpera gauean plastikozko baloi puzgarriak lapurtu zizkieten Trikimailukoei. Agian, baloi haien energia falta izan zuen Trikimailuko Parientek euren marmitakoa sasoiz amaitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna