ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Urteko lorpena, duda etikoen eragile

2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urtero bezala, lorpen zientifiko-teknologiko nagusien zerrenda egin dute zientzia-aldizkariek, eta gehienek gai bera aukeratu dute lehen tokirako: CRISPR teknika. Geneak eraldatzeko teknika horrek itxaropen handia piztu du, eta, aurreko urteetan ere aipatu izan duten arren, aurten iritsi da zerrendaburu izatera.

Batez ere, bi arrazoirengatik da lehena. Batetik, teknika asko findu dute, eta, horrekin batera, baita erraztu eta merkatu ere; horrenbestez, orain eskuragarria da edozein laborategirentzat, eta horrek aukera asko irekitzen ditu. Bestetik, udaberrian giza enbrioietan aplikatu zutela iragarri zuten ikertzaile txinatar batzuek.

Txinan egindako ikerketa horrek zalantza eta errezelo asko eragin zituen, gehienbat, alderdi etikotik. Ikertzaileek argi utzi zuten ernalkuntza artifizialean baztertutako enbrioiak erabili zituztela esperimentuan, baina azalpen hori ez zen nahikoa izan komunitate zientifikoaren gehiengoarentzat. Nature zientzia-aldizkari ospetsuak, adibidez, horrelako ikerketarik ez argitaratzea erabaki zuen, eta zientzialari askok teknika gizakietan aplikatzea debekatzea eskatu zuten, nazioartean araudi etiko sendo bat adostu arte.

Alabaina, ez da erraza izango araudia adostea: hil honen hasieran, 20 herrialdetako 500 zientzialari bildu ziren horretaz hitz egiteko, eta agerian geratu zen haien artean muturreko iritziak dituztela.

Hortaz, badirudi datorren urtean ere izango ditugula CRISPR teknikarekin lotutako albisteak, eta, seguru asko, ez dira bakarrik arlo zientifikoan egindako urratsei buruzkoak izango, baizik eta baita auzi etikoari buruzkoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.