JAKINGARRIAK

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
1979ko apirilekoak izan ziren frankismoaren ostean egindako lehenengo udal hauteskundeak. Berrogei urte igaro dira harrezkero.

Bozak datuetan

Errolda eta parte hartzea. Hego Euskal Herrian, 1.883.493 herritarrek izan zuten bozkatzeko aukera. Horietatik, 1.219.647k eman zuten botoa; hots, %64,75ek, eta 4.385 zinegotzi aukeratu zituzten.

Hauteskunde zerrendak. Hamabost talde politikok lortu zuten ordezkaritza udal hauteskunde haietan. EAJk 1.079 zinegotzi lortu zituen; UCDk, 384 —horietatik gehienak, 262, Nafarroan—; PSOEk, 349, eta HBk, 267. Baina talde politiko horiez gain, dozenaka herri hautagaitzak eta hautesle zerrendak ere lortu zuten ordezkaririk.

Alkateak. Orotara, 493 alkate aukeratu zituzten. Haietatik sei baino ez ziren emakumeak: bi Araban, bi Nafarroan, eta bana Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eudelen omenaldia

Gernikan. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak ekitaldia egingo du gaur Gernikako Batzar Etxean (Bizkaia), Makila, eskuz esku, 40 urtez lelopean, lehenengo udal hauteskunde haien ostean alkate aritu zirenak eta, bide batez, geroztik ere udal erakundeetan hautetsi lana egin duten guztiak omentzeko. Besteak beste, Manuel Fernandez Ramos Ortuellako (Bizkaia) alkate ohiak, Mari Carmen Urbieta Leioako (Bizkaia) alkateak, Marisol Bujanda Moredako (Araba) alkate ohiak, Idurre Bideguren Bermeoko (Bizkaia) alkateak, Julen Mendoza Errenteriako (Gipuzkoa) alkateak eta Jose Antonio Ardanza lehendakari eta Arrasateko (Gipuzkoa) alkate ohiak parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.