UEUk aurrez aurreko 23 ikastaro eskainiko ditu, «komunitatea sortzeko»

Ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 16an bukatuko dira UEUren Udako 49. Ikastaroak. Iruñea, Eibar eta Baiona dira egoitza nagusiak

UEUko Kepa Sarasola, Irati Iciar eta Edurne Koch, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Izurri garaian antolatutako bigarren udako ikastaroak izanen dira aurtengoak. COVID-19ak zeharo baldintzatu zuen UEU Udako Euskal Unibertsitatearen iazko egitaraua; 49. aldirako, ahalegina egin dute egitasmoaren berezko izaerari eusteko: «Aurrez aurreko udako ikastaroak antolatu ditugu aurten ere», esan zuen UEUko zuzendari Kepa Sarasolak, atzo, ikastaroen aurkezpenean. «Aurrez aurrekoa politikoa da, Mari Luz Esteban irakasleak dioen bezala. Online irakaskuntza oso garrantzitsua da gure proiektuan, baina presentzialtasuna ezin da guztiz ordezkatu,beharrezkoa delako komunitate bizi bat sortzeko».

Hala ere, eskaintza birmoldatu dute, «espazio seguruak» sortze aldera. Alde batetik, ohi baino jarduera gutxiago antolatu dituzte: 23 (hemazortzi ikastaro eta bost jardunaldi). Horrez gain, «neurri bereziak» ezarri dituzte, parte hartzea sustatzeko: besteak beste, ikastaro laburrak antolatzea (egun bakarrekoak gehienak) eta ikastalde txikiak osatzea, egoitza bakoitzaren edukiera eta segurtasun neurriak aintzat hartuta. Udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek azaldu zuenez, jarduera bakoitzak «25 euroren prezio sinbolikoa» izanen du, parte hartzea sustatzeko.

Ekainaren 25etik uztailaren 16ra bitarte eginen dituzte ikastaroak, hiru gune nagusitan: Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan. Horiez gain, beste ikastaro batzuk ere antolatu dituzte Donostian, Laudion (Araba) eta Usurbilen (Gipuzkoa). Izena emateko epea zabalik da, UEUren webgunean: eta www.ueu.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.