Gizon bat atxilotu dute Bidarten, emaztea hiltzen saiatzea leporatuta

Emakumea ospitalean dago, zauriturik, baina «haren bizia ez da arriskuan», prokuradorearen arabera. Ikerketa abiatu du fiskalak

Miarritzeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuen mugimendu feministak apirilaren 16an. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gizon bat atxilotu zuen iragan asteburuan Frantziako Poliziak Bidarten (Lapurdi), haren andrea hiltzen saiatzea egotzita. Atxiloaldian egon da gizona, eta fiskalaren aitzinetik pasatu zen atzo arratsaldean. Baionako prokuradore Jerome Bourrierek BERRIAri baieztatu dionez, ehizarako arma batekin saiatu zen haren bikotekidea hiltzen, iragan larunbat gauean. Emakumea Baionako ospitalean dago zauriturik, baina «haren bizia ez da arriskuan», Bourrieren arabera. Ikerketa abian da, eta Frantziako Poliziaren esku utzi dute afera. Emazteak «60 bat urte» ditu, eta gizonak, 68.

Bidarten duten etxebizitzan jazo zen erasoa. France Bleu irratiaren arabera, tiro egin ondotik, bere buruaz beste egiten saiatu zen gizona, baina bizilagun batek ez zion utzi.

Hilketa matxista Miarritzen

Duela hamar egun Miarritzen (Lapurdi) izan zen aurten Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista. Senar-emazteen gorpuak atzeman zituzten suhiltzaileek, etxean, indarkeria zantzuekin. Prokuradoreak baieztatu zuen gizonezkoak emakumea hil izanen lukeela lehenik, tiroz, eta bere buruaz beste egin ondotik. Aguilera auzoan gertatu zen hilketa, eta ikerketa Frantziako Poliziak Miarritzen duen polizia etxearen esku utzia dute. Zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoak «ehizarako arma bat» erabili zuen emaztea lehenik eta ondoren bere burua hiltzeko.

75 urte zituen Miarritzeko biktimak —haren izena ez da ezagutzera eman—. Euskal Herrian 2003tik indarkeria matxistaren ondorioz hildako 110. andrea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.