Iñaki Artola. Asegarceko pilotaria

«Ilusio handiz jokatuko dut Gasteizen»

Itzalpean igaro du uztaila alegiarrak, baina abuztuan eta irailean gehiago jokatzea espero du. Horretarako, bere sasoiaren berri eman nahi du Gasteizko torneoan, gaurtik aurrera.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2016ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Uzta hila topatu duenik ere ezin esan daiteke, baina nahiko urri joan zaio uztaila Iñaki Artolari (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Sasoiko egon arren, lau partida besterik ez du jokatu. Udako egutegirako, gutxi. Ordea, abuztua eta iraila bestela joatea espero du, eta Asegarcek Gasteizko torneoan parte hartzeko aukera emango dio, gaurtik aurrera. Albisurekin batera, Olaizola II.aren eta Untoriaren aurka ariko da, 22:00etatik aurrera. Ohi bezala, naturaltasun osoz hitz egin du.

Udako lehen torneoa izango duzu Gasteizkoa. Pozik, ezta?

Egia esan, oso garesti dago torneoetan sartzea. Gehienetan, enpresako bina bikotek parte hartzen dute, eta pilotari handiak ditut aurretik: Olaizola II.a, Urrutikoetxea, Bengoetxea VI.a eta besteren bat ere bai, akaso. Espero nuen Donostiako ferian jarriko nindutela, baina ezustean iritsi zitzaidan deia Gasteizen aritzeko. Ilusio izugarria egin zidan, eta orain niri dagokit erantzutea.

Estreinakoz ariko al zara Gasteizen?

Bai. 2014ko ekainean debuta egin, eta Donostiako ferian parte hartu nuen. Iaz ere han izan nintzen, eta Gasteizen ardoaren desafioa jokatu nuen. Aurten, aukera eman didate torneoan aritzeko. Behetik gora noan seinale izango da.

Ez dago erraza, ordea, enpresako kideei aurrea hartzea.

Asegarcen oso handia da aurrelarien kalitatea. Pentsa, Urrutikoetxea atzelari jartzen dutenean ere zaila izaten da aurrean posturen bat eskuratzea. Nik uste dut merezitako tokian nagoela. Ez nago kexatzeko. Nola, bada! Gasteizen ni jartzeko Bengoetxea VI.a kanpoan utzi behar izan du enpresak. Bada zerbait. Txapeldun handia da leitzarra, eta ni oraindik ez naiz haren mailara iristen.

Elezkano II.a Aspek fitxatu du. Lehiakortasun txikiagoa izango duzu orain Asegarcen, ezta?

Hori ere hala da. Aspen toki gehiago dago aurrelarientzat, eta usaintzen nuen fitxaketaren bat egingo zutela. Noski, ezin baita ahaztu Irujori ere zer gertatu zaion. Burutik pasatu zitzaidan ni neu ere izan nintekeela hautatua, baina ez. Ez dut inongo eskaintzarik jaso, eta, azkenean, Elezkano II.ak hartu du bide hori.

Altuna III.a eta Irribarria lagunak dituzu. Ia egunero jokatzen ari dira. Sentitzen duzu inbidiarik?

Bai, bai. Ezetz erantzungo banu, gezurra esango nuke. Inbidia sanoa sentitzen dut. Egia da enpresak haien beharra duela eta horregatik ari direla hainbeste jokatzen, baina ezin da ahaztu maila izugarriko pilotariak direla. Altuna III.a zoragarri jokatzen ari da, eta Irribarria egungo txapelduna da. Nik dakidala, txapel hori ez dago nire etxean. Beraz, merezita dauzkate hainbeste partida.

Gasteizko torneoa irabaztea ederra zenuke hurrengo torneoetan ere parte hartzeko.

Bai, pentsa. Ilusioz jokatuko dut, eta, gainera, Albisurekin beti aritzen naiz gustura. Harekin egin nuen profesional mailako debuta, eta lagun onak gara. Hori bai, Olaizola II. eta Untoria mendean hartzea zaila izango da. Bikote sendoa osatzen dute. Ea gure onena ematen dugun.

Eta, etorkizun hurbilera begira, zein da zure helburua?

Partida gutxi ditudala baliatuta, fisikoki ondo prestatzen ari naiz, eta lau t'erdia begiz joa dut. Urrun dago, baina etorriko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.