Euskal Eskola Publikoaren Jaia, bizikidetza 'Josi ta josi'-z

Hezkuntza publikoa inklusibitatea lortzeko tresna dela aldarrikatu dute. Igandean ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Gasteizen

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal eskola publikoak egun handia ospatuko du igandean. Josi ta josi lelopean, milaka lagun espero dituzte Zabalgana auzoan, jai giroan aldarrikapen argia berresteko: euskal eskola publikoa hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatza izan dadila. Aurtengo aldian, arreta jarriko dute aniztasunak ematen duen aberastasunean, ikasleei funtsezko balioak transmititzeko baliabide gisa.

Jaiaren ardatzen berri eman zuten atzo antolatzaileek: EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Arabako Denon Eskola federazioak eta Gasteizko ikastetxe publikoetako ordezkariek. Zehaztu zuten aurtengo leloak aniztasunaren baliagarritasunari erreferentzia egiten diola. Antolatzaileek nabarmendu dute euskal eskola publikoak «elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua» sortzen laguntzen duela, aniztasunak ematen duen aberastasunetik; ikasleak«errespetuan eta tolerantzian» hezten dituela azpimarratu zuen.

Leloak ez ezik, aurtengo irudiak ere islatzen du aniztasunak eskaintzen duen aberastasuna. Ibon Saenz de Olazagoitiak diseinatu du irudia. Ideia hori islatzeko, Gasteizko artistak kolore eta forma ezberdinetako piezak baliatu ditu. Pieza batzuk besteen gainean jarri ditu, eta forma asko eta kolore berriak sortu.

Antolatzaileek gogorarazi dute hezkuntzak zeregina duela gizartearen kohesiorako tresna gisa. Halaber, aldarrikatu dute hezkuntza sistemak publikoa izan behar duela, «inklusiboa eta bidezkoa» izango bada.

Zabalgana, jostearen isla

Jaia egiteko tokiaren aukeraketak, antolatzaileen hitzetan, aurretik esandakoak biltzen ditu. Zabalganan, lau ikastetxe publiko daude. Orotara, 1.390 ikasle dituzte». «Eta, aniztasuna baliatuz, eskola euskaldun, publiko, inklusibo eta aniztuna lortu dute». Auzo horretan, lau gune jarriko dituzte igandean, 11:00etatik iluntzera arteko eskaintza zabala izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.