Iruindar bat eta bi xerpa hil dira istripu batean Nepalen

Nafarroako mendizale talde batek ezbeharra izan du Manaslu inguruan: harri-jausi batek harrapatu ditu. Beste hamar nafar zauritu dira istripuan

Manaslu mendia, artxiboko irudi batean. Inguruan trekking egiten ari zirela izan zuten ezbeharra atzo. BERRIA.
Erredakzioa
Iruñea
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko mendizale bat hil da Nepalen, mendiko ezbehar batean. Laguntzaile zihoazen bi xerpa ere zendu dira, eta beste hamar nafar zaurituta ospitaleratu dituzte. Atzo izan zuten istripua, Manaslu menditik gertu, trekking egiten ari zirela. Harri-jausi batek harrapatu zituen, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Hamabost lagun Nafarroatik joanak ziren Himalaiara, eta lau xerpa zituzten laguntzaile. Zauritutako nafarrak arriskuz kanpo daude; gauerako, bik senda-agiria jaso zuten. Hala zabaldu dute berri agentziek, iturri ofizialak aipatuz.

Joan den astean joana zen Nepalera Nafarroako mendizale talde hori, eta urriaren 7an zen bueltatzekoa. Manaslu inguruan zuten jarduna atzo; ibilbide bat egiten ari ziren. Lehen informazioen arabera, lur mugimendu bat gertatu zen haiek igarotzen ari ziren inguruan. Harriak erori zitzaizkien gainera. Han zendu ziren bi xerpa eta Iruñeko mendizalea, Adolfo Ripa Arizala. Helikopteroz erreskatatu zituzten mendizaleak, eta Katmanduko ospitale batera eraman zituzten. Batek zenbait haustura ditu bi zangoetan, beste batek beso batean, eta gainontzekoek hainbat kolpe dituzte, erietxeko iturrien arabera.

Nafarroako Gobernuak adierazi du zauritutako mendizaleekin harremanetan jartzeko modua eduki zuela atzo bertan, eta hildako mendizalearen senideekin ere egon dela. Telefono bat ere jarri du zaurituen familiartekoentzat.

Espainiako Atzerri Ministerioak berri eman du Indian duen enbaxada ari dela laguntza ematen istripua eduki dutenei —Nepalen bertan ez du enbaxadarik Espainiak—. Kontsuletxeko langileak atzo bertan joan ziren ospitalera.

Munduko mendi altuenetan 8.a da Manaslu, 8.163 metrorekin. Barañaingo (Nafarroa) Naturtrek agentziak antolatu zuen bidaia, eta Pitxi Egilleor zen gidari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.