COVID-19a zuen 90 urteko gizon bat hil da, orain arteko bigarrena

Gasteizko Txagorritxu ospitalea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO.
joxerra senar
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Tantaka, SARS-CoV-2 koronabirusa atzeman zaien herritar kopurua handitzen ari da Euskal Herrian, batik bat Araban. Atzo, Osakidetzak jakinarazi zuen 25 kasu berri atzeman direla; horietatik hogei Araban eta bost Bizkaian. Guztira, ofizialki 73 kasu erregistratu dira Euskal Herrian. Halaber, atzo Osakidetzak baieztatu zuen aurretik gaitz kronikoak zituen 90 urteko gizon bat hil zela Gasteizko Txagorritxu ospitalean, koronabirusak eragindako Covid-19 gaitzaren ondorioz. Emaitza positiboa eman ondotik, gizona bakartuta zuten ospitalean. Euskal Herrian, bigarren hildakoa da gaurdaino.

Atzo goizean, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi zuen azterketetan positibo eman duten pertsonen inguruneak ikertzen ari direla. Uneotan, 53 kasu atzeman dira Araban. Murgak baieztatu zuen duela aste batzuk Gasteizko hileta batean kutsatu zela «kasu multzo bat». Murgak onartu zuen Araban atzo iragarritako hamabost kasutatik batzuek zerikusia dutela hileta horrekin, baina «ez guztiek». «Iturburua identifikatzeko azterketa oso zehatzak egin behar dira, eta egiten ari gara. Datuak aldakorrak dira,sendi arteko eta euren inguruetako erlazioak baloratzen ari gara». Atzo goizean, Fernando Simon osasun arloko krisien jarraipenerako Espainiako batzordearen eledunak adierazi zuen Gasteizko kutsatze horretatik 25 inguru Araban daudela eta beste 38 Errioxan (Espainia), Haro eta Casalarreina herrietan. Ondorioz, Haroko auzo bateko bizilagunak berrogeialdian daude.

Arabako 53 kasuekin batera, Bizkaian hamabost kasu daude; Gipuzkoan, bi, eta Nafarroan, hiru. 73 kasuetatik 33 ospitaleratuta daude. Atzoko datu ofizialen arabera, Gipuzkoako eta Nafarroako kasuen egoera egonkorra da. Ipar Euskal Herrian ez da kasurik.

100.000 kasu munduan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragarri zuen atzo 100.000 kasuren langa gainditu zela munduan. Zehazki 101.927 kasu daude, 93 herrialdetan. Atzo 3.735 kasu atzeman zituzten, horietatik 102 Txinan. Asiako herrialdeak ditu kasu gehien (80.813), baina, gobernuak ezarritako neurrien ondorioz, nabarmen egin du behera kutsatzeen erritmoak. Atzo, Iranek eta Italiak erregistratu zuten kasu gehien: 1.234 eta 1.145, hurrenez hurren. Italiak 5.061 kasu ditu, eta 233 lagun hil dira orain arte. Gobernuak debekatu egin nahi du Lombardiatik atera eta sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.