Albistea entzun

HIZPIDEAK

Iruñea, bertso txapelketako finalaren zain

Iñaki Petxarroman -

2021eko urriak 27 - @petxarroman

Labaren sorrera Nafarroako euskal kulturarentzat albiste ezin hobea izan den modu berean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñean izango dela iragartzea ez da gutxiagorako. Euskal kulturaren ekitaldirik indartsuenetako bat da bertso finala. Azken aldian Barakaldoko BECen jokatu da, eta edukiera bete du, 14.000 lagun elkartuta. Ikusitakoak ikusita, helburua erraz bete duela dirudien arren, Anoetako Belodromotik BECera aldatzean kezketako bat zen ea bertsozaleek behar bezala erantzungo zuten, historikoki Gipuzkoan jokatu izan zelako beti final handia.

Orain, beste jauzi bat egitea erabaki dute. Ez da nolanahikoa, gainera. Izan ere, esangura politiko berezia dauka halako ekitaldi bat Iruñean egiteak. Baina pausoak ongi neurtuta eman ohi ditu elkarteak. Eta eman badu, baldintzak ikusten dituelako da. Eta horretan, zer esanik ez, eragin handia dute Nafarroan azken urteotan bertsolaritzak izandako loraldiak, indarrak eta dinamismoak.

Garai berrietara egokitzen jakin duen antigoaleko kultur adierazpidea da bertsolaritza. Normalizatu egin du andreak plazetan bikain aritzea, eta normalizatu egin du Maulen, Tafallan eta Barakaldon bertsozaleak elkartzea. Oinarria badu beste pauso hau egiteko. Nafarroa Arena irrikan dago lekuko izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.