andoni egana
HITZ ETZANAK

Hotsak

2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Mexikon gertatu omen zen. Poliziaburu batek medikuarengana jo zuen. Gauak jasanezin zitzaizkiola kontatu zion. Begiak biltzen hasi, eta etengabeko hegal-hotsa entzuten zuela logelan. Argia piztu eta ez zen ezer ageri. Medikuak pilula lasaigarriak eman zizkion. Alferrik. Bigarren bisitaren ondoren lotarako pilulak errezetatu zizkion. Emaitza bera. Begiak ixtearekin, hegal-hots zalapartatsua entzuten segitzen zuen poliziaburuak. Azkenean, medikuak oso argi hitz egin behar izan zion: «Ziur nago zure logelan ez dela inongo hegal-hotsik. Hegaztirik ez da hara sartzen gauez. Zure beldurrak sortzen ditu. Ez dizut pilularik aholkatuko. Nahi baduzu, lasaiago egoteko, jar ezazu zure pistola eskueran, gau-mahaitxoaren gainean edo...».

Askotariko bertsioak daude biharamunean gertatuaz. Batzuek diote poliziaburuak sabaia txikitu zuela tiroka; bada bere buruaz beste egin zuela kontatzen duenik; bere kontzientzia hil zuela tiro batez diote agnostikoek, eta fededunek bere Aingeru Guardakoa hil zuela, oharkabean. Ez dakit... Begi-bistakoa ez izan arren nabarmena da, ordea, hegal-hotsak areagotzen ari direla hainbat eta hainbat logelatan. Birusak birikei eraso zien lehen oldarraldian. Orain, buruak dira egoera nozitzen ari direnak. Ez da txantxetako kontua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.